Albisteak
Zestoako erakunde eta eragile askok egin dute bat biharko grebarekin
— 2023-11-29Egun osoan zehar protesta jarduera ugari izango dira herrigune zein auzoetan. Udaleko langileen gehiengoak ere bat egingo du grebarekin eta herriko hainbat eraikin itxi egingo dira. Danbolin aldizkariko langileek ere bat egin dute grebarekin eta zerbitzu minimoak mantenduz grebaren jarraipena egingo dute soilik.
Zestoako eta Euskal Herriko erakunde eta eragile ugarik egin dute bat biharko Greba Feminista Orokorrarekin. Zestoako lan taldeko kideek “zaintza kolektiboaren aldeko aldarriz bete nahi dugu herria” adierazi dute. Arroabekoek ere bertan greba egin nahi duenarentzat auzoan mobilizazioak egingo direla jakinarazi dute.
Zaintza kolektiboaren aldeko aldarriz zeharkatuko dute Zestoa
Zestoan, goizeko 9:00etan hasita, herri bira egingo dute, 11:00etan San Juan eta Gisasola egoitzetara hurbilduko dira eta ondoren 12:00etan herriko plazan elkarretaratzea egingo dute. Ekitaldi nagusia ordea, arratsaldeko 19:00etan izango da plazan baita ere. Ekintza guztiak mistoak izango dira eta herriko plazatik aterako dira.
Itaia antolakundeak ere manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa eguerdiko 13:00etan aterako da Boulevardetik, ‘Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!’ lelopean. Zestoako kideak 11:30ean elkartuko dira Gurutzean Donostiara joateko.
Hausanarketa kolektiborako ekintzekin abiatuko dute eguna Arroabean
10:00etan, elkargunean elkarrekin gosalduz hasiko dute eguna eta jarraian mural pintaketa egingo dute. 12:00etan, elkarretaratzea izango da. Geroago, 17:00etan, Zumaiako manifestaziora elkarrekin joateko deia egin dute. Egunean zehar kontsumo greba egitea azpimarratu dute eta ekintza guztietara pertsona oro gonbidatzen dute.
Greba Orokor Feministarekin bat egingo du Zestoako Udalak gutxieneko zerbitzuak izango dira bihar egun guztian zehar.
Zestoako udaleko langileen gehiengoak eta Udal Gobernuak bat egingo du grebarekin. Ondorioz, honako udal eraikinak itxita egongo dira bihar egun guztian zehar: kiroldegia, liburutegia, udaletxeko harrera eta gainerako zerbitzuak. Gutxieneko zerbitzuak, berriz, honako hauek izango dira: Gizarte zerbitzuek eskaintzen duten zerbitzuaren arreta pertsonala, udaltzaina eta Zestoako eta Arroabeko haurreskoletako garbiketa.
Jubilatuen astea
Greba dela eta bihar, San Juan egoitzan izan behar zuen karta jolas saioa bertan behera geratuko da.
Egin zaitez bazkide