Albisteak

ZESTOAKO EUSKALTEGIA INAUGURATU DA

Gaur arratsaldean inauguratu da Zestoako euskaltegia. Inaugurazio ekitaldia Kultur Etxean izan da, bertan dago bulego berria. Euskaltegiko ikasleez, zestoarrez eta Zestoako ordezkariez gain, AEKko ordezkaritza zabala izan da inaugurazio ekitaldian: Mertxe Mujika AEKko koordinatzaile nagusia, Marian Astigarraga eta Borja Arbelaitz Gipuzkoako arduradunak, Amaia Olazabal Urola Kostako arduraduna, eta noski, Uxoa Arruti Zestoako AEKko arduraduna, Irati Aldaz irakaslea eta Nora Palmitano Zestoako Udaleko Euskara Teknikaria. Inaugurazioa eginda, bihar hasiko dira eskolak Zestoako Euskaltegian.

Guztira 29 ikaslek eman dute izena kurtso hasiera honetan, baina norbaitek euskaltegian izena eman nahi badu oraindik izena emateko aukera irekita dago. Urtean zehar euskaltegiko ikasleek kanpo ekintzak egingo dituzte,  gainerako zestoarrak ezagutzeko helburuarekin, izan ere, euskaltegitik kanpo euskalduntze prozesua jarraitzeak berebiziko garrantzia baitu.

14 ikasle matrikulatu dira autoikaskuntzan. Denetariko profilak daude euren artean; euskaldun berriak, lana dela eta tituluaren beharrean daudenak, jubilatu eta euren ama hizkuntzan alfabetatu nahi dutenak… Ikasle horiek mintzapraktikak eta tutoretzak egingo dituzte euskaltegian eta bertan emandako lanak etxean egingo dituzte.

Bestetik, “aurrez aurreko” bi talde osatu dira; hasiera maila edo hutsetik hasiko direnen taldea eta euskara ikasten iaz edo duela pare bat urte hasitakoena. Horiek astean 8 orduz izango dituzte eskolak euskaltegian; astelehenetik ostegunera, 2 ordu egunero.

 

IMG_8516 IMG_8512 IMG_8511 IMG_8509




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide