Albisteak

Zestoako Futbol Taldeko neskak Donosti Cup txapelketan izango dira

Zestoa Futbol Taldeko neskak 2019ko Donosti Cup txapelketan.

Madril C.F.F.C, WWS Barcelona eta Intxaurdi A taldeak izango dituzte aurkari zestoarrek txapelketako lehen fasean.

Urtebeteko etenaldiaren ostean, atzo, igandea, hasi zen Donosti Cup txapelketaren aurtengo edizioa. Mundu osoko hogeinaka taldek hartuko dute parte txapelketan. Zestoa Futbol Taldeko neskek G-17 kategorian hartuko dute parte. Xabier Garate “Txapi” izango dute entrenatzaile. Klubeko kideen esanetan, “lan bikaina” egin du Garatek urte guztian zehar eta orain, txapelketa honen “erronka” du aurretik. Babesleei ere aipamen berezi bat egin diete: “Gordegune eta Lau Neumatikoak enpresak izango dira zestoarren babesleak eta eskerrak eman nahi dizkiegu”.

Madril C.F.F.C, WWS Barcelona eta Intxaurdi A taldeak izango dituzte aurkari txapelketako lehen fasean. Lehen partida bihar jokatuko dute, Madrilen aurka, arratsaldeko 18:00etan hasita, Zubietan. Bigarren partida, Bartzelonaren aurkakoa izango da eta Donostian jokatuko dute, Puio futbol zelaian, bihar, asteartea, arratsaldeko 19:30ean. Lehen faseko azken partida, Intxaurdiko neskak izango dituzte arerio eta asteazkenean izango da, eguerdiko 13:00etan, Azpeitian.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide