Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Urtero bezala, Zestoako Gabon Abesbatzak kalez kale abesteko hitzordua izango du aurten ere. Gabon egunean, asteazkenean, arratsaldeko 17:00etan hasiko dute ibilbidea San Juan egoitzatik. Bi egoitzak bisitatu ondoren, herriko kaleetan zehar gabon kantak abestuz jarraituko dute, eta 19:00ak aldera Arkupeetan amaitzea aurreikusten da.
Aurtengo ekitaldiak, gainera, omenaldi berezia izango du, abesbatzaren zuzendari izan den Alejandro Bergararen oroimenez abestuko dute.
Emanaldiaren aurretik, bi entsegu ireki egingo dituzte herritar guztientzat: gaur eta bihar, arratsaldeko 20:30ean, Kultur Etxean. Abesbatzak ohitura hau bizirik mantendu nahi du, eta herritar oro gonbidatzen dute parte hartzera. Abesten jakin ala ez, bertan ikasteko aukera izango da.
Antolatzaileen hitzetan, Zestoako Gabon Abesbatza oso berezia da. Herri askotan “gabon eske” ohitura galtzen ari den arren, Zestoan urte osoan biltzen ez den talde batek lau ahotsetara kantuan jarraitzen du, adin eta belaunaldi desberdinetako kideak batuz. Bi egoitzetan, gainera, herriko zaharrenei egun apur bat alaitzeko aukera emango diete. «Kasik miraria dela esango nuke, eta heldu egin behar diogu honi», azpimarratu dute.