Albisteak

ZESTOAKO GAZTETXOENTZAT EKINTZAK ANTOLATU DIRA

Zestoako Udaleko Gazteria Sailetik ekintza ezerdinak antolatu dira datozen egunetarako.

Gaur, urriak 19, haurrentzako yoga tailerra izango da Yamelli Prietorekin, 17:00etan. Saio hauek hilean behin izango dira Kiroldegiko goiko gelan eta 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta daude. Jolasaren bitartez arnasa hartzen ikastea, kontzentrazioa lantzea eta haurrek lasaitzen ikastea izango da helburua.

Urriaren 21ean Kometa tailerra egongo da gaztelekuan. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta tailerrean parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da, plaza mugatuak baitaude. Bi txanda egongo dira: 17:00-18:00 eta 18:00-19:00. Izena emateko gaztelekura hurbildu behar dute interesatuek, ala 688 684 029 telefonora deitu. gazteria@zestoa.eus helbidera idatzita ere eman daiteke izena.

Urriaren 23an, ostirala, ipuin-kontaketa egongo da liburutegian, Kontaidazu Ipuin Bat ekimenaren baitan. Kontaketa 17:30tan izango da, eta kontalaria Maider Arregi izango da. Ekimen honekin herritarrak haurrei ipuinak kontatzera gonbidatzen ditugu, eta animatzen direnei Pello AƱorga ipuin-kontalariak formazio-saio bat ematen die.

Ekintza horietaz gain, Guraso-Eskola ere martxan hasiko da. Urriaren 21ean, asteazkena , eta urriaren 29an, osteguna, guraso-eskolak egongo dira Arroabean eta Arroagoian hurrenez hurren, Izar Arregi psikologoarekin. Bertan, Doluari buruz hitz egingo da. Guraso-eskolak 18:30tan izango dira.

Bestalde, Barbantxo Aisialdi Taldeak ere, pasa den astean hasi zuen ikasturtea. Aizarnan, Iraetan, Arroabean eta Zestoan izan ziren ekintzak. Jolasak 6 urtetik gorakoentzat zuzenduta daude, eta ekintzek hamabostean behin antolatuko dira ikasturtean zehar.

Informazio gehiago nahi baduzue idatzi ezazue gazteria@zestoa.eus helbidera




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide