Albisteak

Zestoako hiribildua hobeto ezagutzeko aukera izango da igande honetan “Ezkutuko Altxorrak” programari esker

“Ezkutuko Altxorrak” egitasmoaren baitan XVI. Mendeko Zestoako hiribildua ezagutzeko bisita gidatua antolatu da igande honetan, uztailak 19. Vicente Davila historialariaren gidaritzapean Zestoako erdigunean ibilbide historikoa egingo da San Ignazioren garaiko ondarea eta Santuari dauden erreferentzia zuzenak nabarmenduz eta Lili jauregiko bisita antzeztua ikusteko aukera ere izango da. Ibilbidea goizeko 11:00etan hasiko da Zestoako udaletxetik.

2020ko uda honetan eskaintza turistikoa sortu, barne turismoa sustatu eta geure ondare historiko kultural eta naturalaren sentsibilizazioa areagotzea dira “Ezkutuko Altxorrak” programaren helburu nagusiak. Uztailak 18tik irailak 20ra bitartean 18 bisita eta irteera aurrekusi dira Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoan. Urola Erdiko bisitetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatzen da Loiolako Turismo bulegoan (943 151 878 telefono zenbakian edota info@tierraignaciana.com posta elektronikoan).

OHARRAK

COVID-19ak sortu duen egoera dela eta programaren nondik norakoak moldatu egin dira:

  • Bisita eta jarduera ia gehienak aire librean izango dira.
  • Partehartzaile bakoitzak norbere maskara eraman beharko du. Eskuak garbitzeko gela antolakuntzak jarriko du.
  • Bisitako gehienez 15 laguneko kopurua onartuko da. Segurtasun tarteak mantentzeko gomendio eta gogorarazpenak gidak egingo ditu.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide