Paperekoa

Zestoako hungariar lilia

Karlos Alkortak aipatuta entzun genuen, lehenengo aldiz, “Lili Murati” izena. Guretzat zeharo ezezaguna. Hungariarra omen zela, eta oso emakume ederra; Zhivago doktorea filmean parte hartu omen zuela… Kuriositatea bere lana egiten hasi zen; Internetek egin zuen gainerakoa: emakume zoragarri baten argazkiak, aipamen mordoxka bat egunkarietan, pelikuletan bezala pozoitze ahaleginak eta dena… Material mordoxka artikulu polit bat egiteko. Baina zer ikusteko zuen horrek denak gure herriarekin? A! Zestoan bizi omen zela! Horrek errenditu gintuen: emakume lirain bat Laranjadi plaza zeharkatzen, elizara bidean, jantzi erditransparente batekin, dantzan bezala, jendea begira-begira zuela. Bene-benetako artista bat.

Aurelia Teodora Murat, Lili Murati (Hungaria, 1911 – Madril, 2003) oso gaztetan, 16 urterekin, hasi zen antzerkian. 1935ean parte hartu zuen, lehendabiziko aldiz, pelikula batean, eta ibilbide oparoa egin zuen bere herrialdean (hogeita bat titulu bai, gutxienez). Janos Vaszary komediagile, gidoilari eta eszena zuzendariarekin ezkondu zen.

Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, Armada Gorriak okupatu egin zuen Hungaria, eta lurraldea sobietar eraginpean geratu zen. Muratik eta senarrak ihes egin zuten handik, eta, 1947an, hona iritsi ziren.

Irteera gorabeheratsua

Gure lehen datuak pelikuletan gertatzen diren horietakoak dira. 1944ko uztailaren 29ko ABC egunkariak honela dio: “Vaszary hungariar antzerkigilea eta haren emaztea pozoitzeko ahalegina. Budapest, 28. Arratsaldeko 3rak. Produktu kimiko bidez pozoitzeko ahalegin benetan originala gertatu da, Juan Vaszary idazle eta antzerkigile ezagunaren eta haren emazte Lili Muratiren kontra. Hungariar egunkariek, gaizki irtendako hilketaren berri ematean, zein era maltzurrean egin den ikusita, Errenazimentu garaiko pozoi bidezko hilketak gogorarazten dituela adierazi dute. Vaszaryk egunkari pakete bat jaso zuen, eta, irekitzean, usain sarkor batek zorabiarazi egin zuen. Adituen arabera, oso gas arriskutsua zen. Gasak begiei eragin zien batez ere. Antzekoa gertatu zitzaion Vaszaryren idazkariari ere. Emazteak, berriz, nahiz eta gela berean egon, mareo arin bat besterik ez zuen izan, laguntza eskatu zuen, eta medikuak azkar artatzeak salbatu zituen Vaszary eta bere laguntzailea”.

Ez dakigu ondo zer parte hartze izan zuten senar-emazteek Hungariako politikan, baina Vaszary behin baino gehiagotan atxilotua izan zen, eta 1944aren bukaeran, sobietar tropak iritsi zirenean, senar-emazteek alde egin behar izan zuten Hungariatik. Basorik baso ihes eginda eta oinaze handiak pasata, halako batean Parisera iritsi omen zirela hanka hutsik eta ezer gabe, dio legendak. Handik bizpahiru urtera, Euskal Herrira iritsi ziren.

Donostian

1947ko uda inguruan, Vaszary eta Murati senar-emazteak —eta haiekin batera lagun gehiago ere bai— Donostiara iritsi ziren. Ez dakigu hiri hartan jende ezagunik ba ote zuten lehenagotik. Agian, harremanak bazituzten lehendik Arturo Serrano Arin donostiar enpresariarekin. Serrano antzerki zuzendaria zen, eta berea zen Madrilgo Teatro Infanta Isabel, eta haren emazte Isabel Garces zen konpainiako lehen aktorea. Bada, Serrano eta Garces senar-emazteek estreinatu zuten Madrilen, 1947ko urte hasieran, Vaszaryren Me casé con un ángel. Izan liteke kasualitatea, edo litekeena da lehendik ezaupidea edukitzea Serranok eta Vaszaryk. Gainera, bira ere egin zuten obra harekin, eta, besteak beste, Donostiako Antzoki Zaharrean eskaini zuten irailaren hasieran: “Arrakasta mundiala. Bi ordu barrez”, zioen iragarkiak. Bertan ziren Vaszary eta Murati, eta publikoaren aurrean aurkeztuak izan ziren.

1948ko otsailean, Michel Duran frantziar autorearen “Barbara” antzezlanean hartu zuen parte Muratik Madrilen, eta, egunkariek diotenez, “sei hilabete baino gutxiagoan ikasi du gure hizkuntza” (gaztelera, jakina!). Hortik ateratzen dugu kontu 1947ko udan iritsiko zela Zestoara.

Zestoan, uda-pasan

Dirudienez, Elosegitarren bitartez etorri zen bikotea Zestoara. Agapito Elosegi botikariak eraikitako etxeak, Botikazarrak, gero Ekain soziedadea izandakoak, erdi hutsik egon behar zuen, eta hantxe jarri ziren bizitzen Murati eta familia. Jose Elosegi Larrañaga medikua (1901-1967), Agapitoren semea, etxe hartan jaio eta bizi izan zen, baina Donostiara ezkondu zen; han zeukan kontsulta, traumatologo gisa. Ez dakigu nondik nora ezagutu zituen Murati eta gainerakoak, baina gauza segurua da hilabete batzuetarako Zestoako etxea eskaini ziela gure artistei.

Karlos Alkortak eman zigun, lehendabiziko aldiz, Muratiren berri, eta berarengana jo dugu xehetasun gehiagoren bila: “Kalean zabaldu zen norbait etorri zela bizitzera Botikazarrera; edozer gauzak jakin-mina eragiten zigun. Emakumeak atentzioa ematen zuen, Zestoarako oso emakume moderna zen-eta; kanpotarrak ikusten genituen, ondo jantziak, baina Muratik atentzio berezia ematen zuen: aurpegi ederra zuen, ile ederra, gerrialde estua, eta lasaiera handiko soineko estanpatua zeraman, kolore argikoa, lore txikiekin. Zestoan egon zen denboran, ez nion beste soinekorik ikusi; ez zuten, hona heldu zirenean, diru askorik edukiko, errefuxiatu gisa etorri omen ziren-eta. Organdi moduko jantzia zen, fin-fina, ia transparentea”.

Dirudienez, Janos Vaszary eta Lili Murati senar-emazteez gain, beste gizon altu bat ere etorri zen haiekin, baita haien iloba bat ere, Piroska Bodosi zuela izena uste du Karlosek. “Ez zuten kalera asko irteten”. Lili bai, behin baino gehiagotan ikusi omen zuen Karlosek etxetik elizara bidean edota etxerako bidean, eta ez omen zen oharkabean pasatzen: “Ibiltzeko era mugitua zuen, grazia handikoa; elizarakoan edo, Blasa hoteleko burdin hesi aurretik Laranjadi aldera pasatzen ikusten zutenean, jendea begira-begira geratzen zitzaion oso soineko gardena, transparentea, zeramalako, eta bera konturatzen zen, eta ahalik eta bizkorren joaten zen; eta inor begira ez zegoela pasatzea lortzen bazuen ‘¡No visto!‘ esaten zuen, espainieraz ez zekien ondo-eta”.

Oso elizkoiak izan behar zuten eta Vaszary gainera, Esztergom-eko artzapezpikuaren, alegia, Hungariako elizgizon gorenaren, familiakoa omen zen.

Asteburuetan, Elosegi familia etortzen omen zen Murati eta gainerakoak bisitatzera, baina alabak, zazpi-zortzi urteko neskatoak, nahiko bereziak omen ziren: Zestoan nahiko atseginak omen ziren, baina gero Karlosek Donostian ikusten zituenean, batere kasurik ez!

Zestoara iritsita, gazteleraz tutik ere jakin gabe, zaila da asmatzea zein jenderekin izan zezaketen harremana herrian Muratik eta gainerakoek, baina berak ematen du gakoa elkarrizketa batean: “Espainiara iritsi aurretik, Alemanian egin nuen zinea, alemaniarrez jakina. Klase ertaineko hungariarren hamarretik zortzik badaki alemaniarrez hitz egiten”. Beraz, pentsatzekoa da zein izango zuten beren solaskide nagusia hemen Zestoan: Adam Keilbach, Adamant. Hala baieztatu digu Karlos Alkortak: “Sarri etortzen ziren Adamanten dendara. Garai hartan, gaur egun Mollergi dagoen lekuan zeukan denda eta estudioa Adamantek, eta argazki bat baino gehiago egin zizkien. Han edukitzen zituen eskaparatean, jendeari ateratako argazkiak eta, jakina, Lili Muratirenak ere bai. Gure arreba [Pili Alkorta] eta neu ere asko ibiltzen ginen handik, eta gogoan dut behin Vaszary-ren argazki bat eman ziotela Piliri eta hark marrazkia egin ziela arkatzez. Ez dut gogoan Liliren marrazkirik ere egin ote zuen”.

Kontuak kontu, negua iristerako Madril aldera jo zuten denek, eta, ordutik aurrera, oroimena besterik ez zen izango Zestoa. Baina ez nolanahiko oroimena; izan ere, 24 urte geroago (1971), gogoan zuen gure herria Muratik: Non jaso zenituen espainierazko lehen ikasketak? galdetzen dio kazetariak, eta berak: “Ikasi nuen, nolabait esateko, ‘belarriz’. Zestoan eta Donostian”.

Madrilera, betirako

1948ko otsailean, Madrilen daude bizitzen gure senar-emazteak. Hango Teatro Infanta Isabelen estreinatu zen Michel Duran frantziar autorearen “Barbara” antzezlana, Antonio de Lara Tonok, egokituta. Frankismo garai hartako antzezlan tipikoa da, komedia komertziala, arina, entretenigarri hutsa. Barbara Europako ekialdetik Hollywoodera joandako vedette bat da, ezaguna mundu osoan; Frantziara doa hirugarren aldiz dibortziatzera.

Antzezlanak arrakasta handia izan zuen Madrilen: jendea barrez lehertzen, eta Lili Murati txalo zaparrada artean hartu zuten; “Sei hilabete baino gutxiagoan ikasi du gure hizkuntza, eta egundoko grazia eta xarmarekin hitz egiten du”, zioten egunkariek.

Abuztuaren 30 eta 31n, Donostian antzeztu zuten, baina hemen oso kritika txarrak jaso zituen egunkarietan eta publikoaren aldetik. Donostian egonda, aprobetxatuko zuen seguruenik Zestoara bisitaren bat egiteko eta lagun zaharrak bisitatzeko (gure Adamant eta abar).

Handik urte batzuetara, Muratik bere konpainia propioa sortu zuen, eta garai hartako artista ezagun franko konpainia hartan hasi ziren lanean; besteak beste, Angel de Andres, Emilio Gutierrez Caba, Elisa Ramirez, Julia Trujillo…

Zhivago doktorea

Antzerkian nabarmendu zen, batez ere, Murati, baina zinean ere jardun zuen. Berak parte hartu zuen filmik ezagunena eta arrakastatsuena Zhivago doktorea da, 1965eko Urte Zahar egunean estreinatu omen zen hiru ordu pasako melodrama. David Lean zuzendariak deskubritu zion munduari Julie Christie-ren edertasun perfektua, eta izar bihurtu zuen Omar Sharif handia.

Errusian kokatzen da pelikula, baina ia dena Espainian filmatu zen: Mosku Madrilen “berreraiki zen”; Errusiako estepa, berez, Soria zen; jauregi eta etxeetako jela argizariarekin egin zen; zuhaitzak eta landareak zuriz pintatu ziren, eta hauts zuriz estalitako kilometroka plastiko zuriren bidez irudikatu zituzten lautada elurtuak. 38 graduko tenperatura “gozoarekin” egin omen zuten filmaketa.

Espainiako aktore oso gutxik hartu zuten parte, eta oso paper laburrak eginaz gainera. Muratik apenas minutu pare bat irauten duen pasarte bat egin zuen: trena badoa errusiar lautadan zehar, eta bertan doaz, besteak beste, Zhivago eta gainerakoak. Trenaren atzetik emakume bat doa, desesperatuta, ume koskor bat besoetan duela; kostata baina, halako batean, ematen dio umea Zhivagori, eta, ondoren, bera igotzen da trenera.

Filmatzen ari zirela, ordea, umea entregatu ondoren, Muratik irrist egin omen zuen, eta tren azpi aldera sartu omen zen. Hankak larri zauritu omen zituen, eta galtzeko ere ez omen zitzaion asko falta. Zorionez, dena ondo atera zen azkenean.

Azken urteak

Zhivago 54 urterekin egin zuen, baina 80 pasata ere, lanean jardun zuen gure protagonistak. Telebistako Farmacia de guardia telesailean aritu zen, besteak beste: Adolfok mus txapelketa batean parte hartu nahi du bere lagun Miguelitorekin, baina haren emaztea haurdun dago, eta ez dio joaten uzten. Enrique Cano aitonaren aspaldiko amorante bat azaltzen da farmaziara: Lili, Vienako emakume bat (gure Murati). Hark interesa dauka aitona Cano ezagutzeko, eta Lili bera izango da, azkenean, Aldofori mus txapelketara lagunduko diona.

Halaxe dira ba kontuak. Zestoako Botikazarretik Farmacia de guardia-ra: horixe da aspaldi batean Europa osoa zeharkatu eta Zestoara etorri zen hungariar lili baten historia.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide