Albisteak

ZESTOAKO MARGOLAN BAT ‘AZTARNAK AMERIKETAKO ESTATU BATUEN HISTORIAN’ ERAKUSKETAN

Zestoako Udalak Bizente de Liliren XVIII. mendeko erretratu bat utzi du martxoaren 27an inauguratu zen erakusketarako. Lehenengo aldia da margolana jendaurrean erakusten dela. “Memoria berreskuratua. Aztarnak Ameriketako Estatu Batuen historian” du izena eta bertan erakusten da Espainiako monarkiak Ameriketako Estatu Batuen independentzian (1775-1783) izan zuen eragina. 200 artelan baino gehiago erakusten dira Iberdrolak Bilbon duen dorrean, baita makina bat dokumentu, mapa, jantzi eta abar ere. Erakunde ezagun ugarik utzi dituzte obrak, besteak beste, Wadsworth Atheneum Museum of Art museoak, Prado museoak, Bilboko Arte Eder museoak, San Telmok.
Erakusketak Carlos III.a Espainiako erregearen garaiko historia kontatzen du, eta nola, Frantziako Iraultzatik hona etorritako iraultza izpirituak balio izan zuen Estatu Batuen independentzian Espainiako Monarkiak bere ekarpena egiteko.
Jakina, ilustrazio garai haietan, oso garrantzitsuak izan ziren Euskal Herriko hainbat pertsona ere, eta horien artean Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari tartea eskaintzen zaio. Eta hantxe kokatzen dira, hain zuzen, Peñafloridako kondea (beraren busto bat eraman da Azkoitiko Intxausti jauregitik) eta Bizente Lili.
Margolana, Rosario Astigarraga Sarasquetak eman zion dohaintzan Zestoako Udalari 1999an, beste lau artelanekin batera. Dohaintza 2010ean formalizatu zen. Bere garaian Portalekoa etxean zeuden eta handik bere etxera eraman zituen Astigarraga andreak, harik-eta Zestoako Udalak herri osoarentzako hartu zituen arte.
Erakusketa José Manuel Guerrero Acosta, historialari eta militarrak (erreserban) zuzendu du, eta apur bat ikuspuntu militarrera dago bideratua baina, hala ere, ongi egokitzen da lilitarren izaerarekin (izan ere, haietako askok ere karrera militarra egin zuten) eta, garrantzitsuagoa dena, oso pozgarria da Zestoako margolana, lehenengo aldiz, hain ondare ospetsuarekin batera erakustea.
Erakusketa edonorentzat zabalik izango da Iberdrolak Bilbon duen egoitza nagusian, apirilaren 10etik uztailaren 2ra arte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide