Paperekoa

Zestoako surflariekin, olatuen joan-etorrian

Uda iritsi da eta hondartzak jendez betetzen hasi dira. Gure zonalde honetan eguraldiak asko laguntzen ez badu ere, eguzkia atera orduko, kostaldera hurbiltzen garela esango nuke. Eguzkiaz eta nola ez, itsasoaz gozatzera. Hondartza zale diren herritar gehienok orain murgiltzen gara Kantauriko ur gazitan. Baina baditugu, urte osoan zehar, olatuen joan-etorriak erakartzen dituen herritarrak. Bainujantzi edo neoprenoa soinean eta taula eskuetan, sartzen dira olatuak harrapatzera. Behin bati heldu eta ezin azaldu sentitzen duten sentsazioa, esplikaezina … Herriko lau surflariri galderatxo batzuk egiteko aukera izan dugu.

Aitor Nieves

Noiztik egiten duzu surfa? Duela 13 urte hasi nintzen.
Etxetik irten eta zein izaten da plana?
Etxetik irten baino lehenago eguraldiaren eta itsasoaren aurreikuspenak ikusi eta tokia aukeratzen dugu, lekura iritsi eta uretara!
Non ibiltzen zara?
Deba, Sakoneta, Zarautz, Landak.
Zer sentitzen da olatu bat harrapatzean?
Ezin da deskribatu.
Eta galtzean?
Zer egingo diogu ba… izorratu eta hurrengoaren zain geratu.
Surf bidaiarik egin al duzu? Bai, batzuk egin ditudala esan daiteke: Indonesia, Costa Rica, Panama, Brasil, Maroko, Kanariak, Frantzia, Portugal.
Inoiz larritasunik pasa? Bai, Debako hondartzan.
Zer da zuretzat surfa? Deskonektatzeko eta ondo sentitzeko kirola.
Anekdotarik? Indonesian irla batera motora batean joan ginen eta bueltakoan helizearen ardatza puskatu eta itsaso erdian gelditu ginen. Eskerrak arrantzale batzuk pasa ziren gu geunden lekutik eta lehorreraino erremolkean eraman gintuzten!
Uda ala negua? Udazkena.
Bakarrik ala lagunekin?
Lagunekin.
Kotxea ala furgoneta?
Furgoneta.
Neopreno motza ala luzea?
Motza.
Surflari bat?
Kelly Slater.
Amets bat? Semearekin surf egitea.

Gorka Igual

Noiztik egiten duzu surfa? Duela bost edo sei urte hasi nintzela esango nuke, ez nago seguru.
Etxetik irten eta zein izaten da plana?
Eguraldi iragarpenak begiratzen ditugu mugikorrean eta gero uretara!

Non ibiltzen zara? Zarautzen ibiltzen naiz gehienbat, baina Landak oso gustuko ditut.
Zer sentitzen da olatu bat harrapatzean?
Sentsazio ikaragarria.
Eta galtzean?
Olatuaren arabera, galdutako olatua ona bada, ba… “mala hostia”.
Surf bidaiarik egin al duzu? Egia esateko asko ez, Portugalera.

Inoiz larritasunik pasa? Ez nuke esango.
Zer da zuretzat surfa? Lanetik deskonektatzeko dagoen gauzarik onena.

Anekdotarik? Ez zait bururatzen.

Uda ala negua? Udazkena.
Bakarrik ala lagunekin?
Beti lagunekin.
Kotxea ala furgoneta?
Furgoneta.
Neopreno motza ala luzea?
Motza.
Surflari bat?
Aritz Aranburu eta Kelly.
Amets bat? Maldivetara joatea boat trip bat egitera Zestoako surflariekin.

Iban Bueno

Noiztik egiten duzu surfa? Ba surfa 24 urtetatik egiten dut, aurretik 3 urte egin nituen bodyboardarekin.
Etxetik irten eta zein izaten da plana? Lehenik zein egoeratan dagoen itsasoa ikusten dut  webcam bidez, hainbat hondartza ikus daitezke. Ondoren, bainujantzia edo neoprenoa hartzen dut (urte sasoiaren arabera), eta aparkatu eta gero, pixka bat berotu eta uretara!
Non ibiltzen zara? Ia beti Zarautzen sartzen naiz, bertako olatuarekin ohituta nagoelako.

Datu tekniko batzuk? Orain udaran 19-20 bat gradutan dago eta bainujantziarekin bakarrik sartzen naiz giro ona badago. Nahiago horrela sartzea, ez dut batere atsegin neoprenoa jartzea. Gehiago nekatu, tiratu egiten du,… nahiz eta kalitate oso onekoak dauden. Nire taula 6,1 neurrikoa da.
Zer sentitzen da olatu bat harrapatzean? Olatu eder bat harrapatzerakoan adrenalina igotzen da eta sentsazio ikaragarriak izaten ditut, poza, izua, barregura,… edonori gomendatzen diot surf egitea.
Eta galtzean? Galtzean, aldiz, madarikazioak, “mala hostia” edo poza olatua txarra bada.
Surf bidaiarik egin al duzu? Lehengo urteko abenduan Balira joan nintzen oporretara surf egitera (baita parranda ere), nire hegazkin txartelean sartua zegoen taula eramatea. Motorrean mugitzen nintzen alde batera eta bestera, han dena dago “libre”. Bizitzako olaturik onenak han hartu ditut. Baita bizitzako beldurrik handiena pasa ere. Sentsazio ia deskribaezinak izan nituen Serangan izeneko hondartza batean, barrez baina hala ere zeharo kikilduta nengoen, olatu oso handiak eta perfektuak zeuden, baina aldi berean sakonera txikia zeukan itsasoak eta arrezifea zegoen hondoan.
Zer da zuretzat surfa? Niretzako surfa, olatuez izan ezik, beste denaz ahaztea da.
Inoiz larritasunik pasa? Balin pertsona bati olatuetatik ateratzen lagundu nion. Bere taula galdu zuen leash-a (taula zure orkatilera lotzeko erabiltzen den soka) puskatu zitzaiolako.
Uda ala negua? Dudarik gabe uda da ederrena bainujantziarekin ibiltzeko, baina Euskal Herrian surf egiteko garairik ederrena urria da. Hego-haizearekin batera olatu paregabeak sartzen dira.
Bakarrik edo lagunekin? Lagunekin beti ere hobeto, eta gehiago etxetik urrun zaudenean, zerbait gertatuz gero hobe lagunak alboan izatea.
Kotxea ala furgoneta? Kotxearekin askoz erosoago ibiltzen naiz motzean. Kanpora joateko ordea furgoneta.
Neopreno motza ala luzea? Ahal izanez gero bainujantzia. Beste askatasun bat ematen dizu mugitzeko.
Surflari bat? Ez ditut asko segitzen surf lehiaketak baina faborito bat esatekotan, Gabriel Medina brasildarra.
Amets bat? Munduan zehar surf egitea beste ezertaz kezkatu beharrik gabe, kar kar kar!

Odei Unanue

Noiztik egiten duzu surfa? Duela 23 urte hasi nintzen.
Etxetik irten eta zein izaten da plana? Normalean aurretik begiratuta edukitzen ditugu baldintzak, haizea, marea, olatuen tamaina eta kostatik buelta bat egiten dugu non dagoen ondo ikusteko, gero uretara!

Non ibiltzen zara? Orrua, Sakoneta, Zarautz… baina Landak ditut gustukoen.

Datu tekniko batzuk? Ni traste askorekin ibiltzekoa naiz, kar kar kar! Batzuetan taula handia erabiltzen dut bestetan txikia, bodyboarda ere erabiltzen dut.
Zer sentitzen da olatu bat harrapatzean? Oso ona bada, esplikaezina.
Eta galtzean? Zure buruarekin “kabreo” galanta.

Surf bidaiarik egin al duzu? Bai! Portugal, Kanariak, Costa Rica, Panama eta Indonesia.
Zer da zuretzat surfa? Itsasoarekin kontaktua eta daukadan pasiorik handiena.

Inoiz larritasunik pasa? Batzuk bai… Harkaitz artetik nahiko markatuta irten izan naiz!

Anekdotarik? Orain dela urte asko Zestoan gizon batek galdetu zidan: “Ze, zerbait arrantzatu al duzu?”.

Uda ala negua? Udazkena eta udaberria.

Bakarrik edo lagunekin? Lagunekin.
Kotxea ala furgoneta? Furgoneta.
Neopreno motza ala luzea? Motza.
Surflari bat? Nire koadrilako tropako surflariak: Joxe, Goenatxo, Aratz… eta laster hasiko diren surflari berriak. kar kar kar!
Amets bat? Toki ezezagun batean nire lagunekin tubo eder batzuk egitea.

iban-cmyk odei3-fondo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide