Albisteak

Zestoako Udala GRI Castings enpresako zuzendaritzarekin bildu da

GRI Castings enpresak Arroabeko Sansinenea industrialdean dagoen galdategia ixtekotan dela jakinarazi zuen ohar bidez martxoaren 7an, bere jarduna “ekonomikoki bideragarria ez” dela eta “galera handiak” dituela argudiatuta. 61 langile kaleratuko dituztela azaldu dute.

Udalaren ordezkaritza GRI Castings enpresako zuzendaritzarekin bildu da

Enpresak ixte espedientea martxan jarri ondoren, Zestoako Udalak kezka adierazi du, “bertan dauden 61 beharginek euren lanpostua gal dezaketelako”. Hori dela eta, Mikel Arregi alkatea eta Marga Eizagirre zinegotzia enpresako zuzendaritzarekin bildu ziren ostegunean, eta Udalaren kezka adierazteaz gain, langileekin “akordiora iritsi eta enpresaren lan jarduna ez eteteko” ahalegina egiteko eskatu zuten. Enpresako zuzendaritzako ordezkariek bere aldetik urteetako galeren berri eman zuten, eta dauden “zirrikitu guztiak” aztertu eta langileekin akordiora iristeko ahalegina egingo dutela adierazi zuten.

Zestoako Udalak gogorarazi du, udalerriko eremuan ematen den jarduera ekonomiko oro eta ondorioz lanpostuak sustatu eta zaindu nahi dituela, jarduera horrek bete beharreko berme guztiak errespetatzen direla zaintzearekin batera.

Sindikatuen ahotsa

GRI Castings enpresako batzordeak ELA sindikatuko lau delegatu eta LABeko bat ditu. ELA sindikatuaren arabera, Gonvarri Taldeak emandako argudioek “ez dute inolako oinarririk, Donostiako 5. zenbakiko epaitegiak irailean adierazi zuen bezala”. Sindikatuak harriduraz du erabakia: “Gonvarri Taldea ez da gai 2015ean erosi zuen enpresari lan karga eta norabide koherentea emateko. Ezintasun horren eta enpresa erabakiak sostengatzeko argudio ezaren froga izan zen ERTEa, 2022ko irailean Donostiako Lan Arloko 5 zenbakiko Epaitegiak baliogabetzat jo zuena, justifikaziorik gabea izateagatik. Borroka egingo dugu enpresaren erabakia iraultzeko, enplegua eta Zestoako lantokiaren industria proiektua defendatzeko, eta erakundeen laguntza ere eskatzen dugu. Industria politika proban jartzen da GRI Castingsen moduko egoeretan; propaganda gutxiago eta neurri eraginkor gehiago behar dira” azaldu du.

LAB sindikatuak ere lanpostuak bermatzearen alde borroka egingo duela esan du, eta atzoko batzarrean emandako informazioa aztertu ondoren emango duela informazio gehiago gaineratu du.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide