Albisteak

Zestoako Udalak eta Biolur elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Argazkia: Zestoako Udala

Argazkia: Zestoako Udala

Zestoako Udalak jakinarazi du atzo, azaroaren 21ean, Mikel Arregi alkateak eta Mirian Arrizabalaga Biolur elkarteko lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu zutela. Biolur elkartearekin bat eginez hitzarmen honen asmoa, Zestoan agroekologia eta elikadura burujabetza bultzatzea da. Alde batetik, Biolurrek konpromisoa hartu du Zestoako Udala ere sare agroekologikoko kide bezala, informazio trukaketa, aurrera begirako proiektuak… elkarlanean egiteko. Bestetik, Udalak konpromisoa hartu du Biolur elkarteak egin duen lanari aitortza egiteko eta etorkizunean ere lankidetza horretan hartu-emanetan jarraitzeko.

Hari beretik, Zestoako Udalak Biolurrek esku artean duen proiektu garrantzitsu bati, Iraetan kokatua dagoen Amilibia baserriko, Amillubi Lurra Taupaka proiektuari, babesa eman dio eta baita diru ekarpena egiteko konpromisoa hartu ere. Horrekin lotuta, Biolurrek urtero herrian elikadura burujabetzaren edo agroekologiaren bueltan ekimenenak antolatzeko konpromisoa hartu du.

Amillubi Lurra Taupaka, iraetako meandroan aurkitzen diren lurrak babestea helburu duen egitasmoa da. Bertan izaera kolektiboa izango duen proiektua garatu nahi dute, ondasun kolektibo bat sortuz, herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten. Proiektuaren bultzatzaileek, ekimen honen berri abenduaren hasieran emango dutela adierazi dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide