Zestoan bizi eta lan, bertakoa bertan kontsumituz
— 2019-05-23Eredu neoliberalak ekonomiaren globalizatzea indartu du eta horrek ekonomia lokala erabat kaltetu du. Bertako ekonomiarik gabe gurea bezalako herrien etorkizuna arriskuan dago eta, neurririk hartu ezean, herri dormitorio izatera kondenatuak geundeke.
Legealdi honetan garapen agentziei (Iraurgi Berritzen) udaletik ordaindu zaizkien dirutzek herrian apenas izan dute eraginik eta udal gobernuak ez du inolako azterketarik egin. Ondorioz, gure diruak Azpeitian eta Azkoitian baliatuak izan direla esateko moduan gaude. Atzera egin dugu. Herri bezala azterketa sozioekonomiko sakona egin eta nora jo nahi dugun erabaki behar dugu eta hori aurrena bertako aholku batzorde baten bitartez egitea izango litzateke egokiena. Ondoren erabakiko dugu Urola Erdiko eta Kostako garapen agentziekin nolako harremana izan. Txikia izanagatik bien erdian gaude eta hori gure indargune izatea lortu behar dugu.
Jarduera publikotik enplegua sortzeko, hondakin organikoaren konpostatzea bertan kudeatuta udalak aurreztuko lukeen dirua bertako enplegua sortzeko erabil genezake. Era berean, Zestoan egoitza daukaten enpresei udaletik pizgarriak eskainiko genizkieke Zestoako bizilagunak kontratatzeagatik. Ekintzaile berriei, nahiz autonomo gisa edo kooperatibak sortuaz, lehen urtetan lagundu egingo zaie ekonomikoki edota lanerako espazioak utziz. Bereziki, herritarrentzat zerbitzuak eskaintzen duten proiektuei.
Bertan ekoitzitako elikagaien aldeko proiektua landu nahi dugu. Herriko merkatariekin elkarlanean, gure lurrak emandako produktuekin Zestoako elikagunea sortzeko udalaren baliabideak erabil ditzakegu.
Egin zaitez bazkide