Albisteak
Zestoan jokatu da Emakume Masters Cup txapelketako lehen jardunaldia
— 2017-01-25Zestoako pilotalekuan astebururo izan ohi dira pilota partidak, baina pasa den igandeko jardunaldia berezia izan zen. Antolatzaileek adierazi dutenez, “historia eginez” hasi zen Emakume Masters Cup txapelketa, “igandean jokatu baitzen lehenbiziko aldiz emakumeen esku-pilotako txapelketa bat Gipuzkoan”.
Pilotarien artean Arroagoiko Naroa Agirre aritu zen, Maddi Unanue azpeitiarrarekin bikotea osatuz. Gainera partida bikainak jokatu zituzten. Bi partida jokatu eta biak irabazi. Lehena 18-4 irabazi zuten Jone Aranguren/Jone Zabala bikotearen aurka. Eta bigarren partidan 18-8 irabazi zieten Naroa Elizalde/Maialen Elizalde bikoteari.
Antolatzaileek sare sozialen bidez adierazi dutenez “pilotarientzat eurentzat ere egun historikoa izan zen, elkar ezagutzeko eta elkarrekin lehian aritzeko aukera izan baitzuten. Gainera, ikusmin handia sortu zuen txapelketako kanporaketaren lehen jardunaldiak; jendetza hurbildu zen eta giro ederra egon zen Zestoako pilotalekuan goiz guztian”.
Txapelketako hurrengo jardunaldia urtarrilaren 29an Larrabetzun jokatuko da.
Egin zaitez bazkide