Albisteak
Zirrara sortu zuen “Azken galdera amari” liburuaren aurkezpenak atzo Aizarnan
— 2023-11-29Hunkigarria izan zen atzoko “Azken galdera amari” liburuaren aurkezpena Aizarnako Herri etxean. Bertako eskolan irakasle izan zen liburuaren idazlea, Manex Beristain.
Minbizia duen pertsona baten familiak sentitu eta pasatakoez aritzen da liburu honetan, izan ere lehen pertsonan bizitakoak ditu kontu horiek. Doluari aurre egiteko baliabide bezala erabili zuen liburuaren idazketa prozesua eta liburua bera eta honen aurkezpenak etapa bat ixtera datorrela aitortu zuen. Gai zaila da pertsona baten heriotza eta are zailagoa askotan modu egokian seme alabekin hau lantzea. Norberaren minaz haratago, jakin-mina duen haurraren bidelagun izatea. Baina, haurrek minari aurre egiteko jolasa erabiltzea duen boteretik, dolua, sorkuntza proiektu honetan gauzatu du Manexek. Liburua ipuin bat da bai, baina dolua transitatzeko tresna bat ere bada.
Aurkezpenean, irudi proiekzioak, ahots grabatuak, kantua eta gitarra, txotxongiloak eta beste hainbat baliabide baliatu zituen giro sakon bat sortzeko. Aizarnar guztiak kantuan batera aritu ziren Herri etxeko ganbara zirraraz betez. Horrela, hartu eman handiko saioa sortu zuen bertaratutakoekin batera, zapatarik gabe, goxo, etxean bezala.
Prozesu honetan ikasitakoak, irakaskuntzarako material gisa prestatzen ari dela adierazi zuen eta aurrerago doluaren inguruko tailerrak egingo dituela ere aipatu zuen Beristainek. Beraz, nahiz eta etapa bati amaiera eman, sorkuntza honek jarraipena izango du.
Egin zaitez bazkide