Albisteak

Zoroperitako pilota jaialdia aurkeztu du Abantzuk

Bi urteko etenaren ostean, bueltan izango da aurten Zoroperitako pilota jaialdia. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa Abantzu pilota klubeko ordezkari eta pilotariek kiroldegian.  Aurten txapelketa formatua izango du lehen aldiz jaialdiak. Bi egunetan jokatuko da, larunbat honetan finalaurrekoak, eta hilaren 26an, finala. Egun horretan, pilota partidaz gain, harri-jasotzaileak ere izango dira kiroldegian.

Zortzi pilotarik hartuko dute parte txapelketan. Sasiain, Txapei IIIa, Alonso eta Alkantara Abantzuko pilotariak; Erasaun eta Garmendia profesional ohiak, eta Espinal afizionatua arituko dira txapela lortzeko lehian, lau bikotetan banatuta. Larunbat honetan, hilak 17, jokatuko dira finalaurreko partidak, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, kiroldegian. Sasiain eta Garmendia, Arteaga eta Alkantararen aurkez arituko dira, eta Txapei IIIa eta Erasun, Espinal eta Alonsoren aurka.

26ko hitzordua

Zoroperi egunean txapelketako final handia jokatuko dute hilaren 17ko partidetako bikote irabazleek. Partida horren aurretik, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko norgehiagoka izango da. Ondoren, Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri-jasotzaileek ikuskizun bikaina eskainiko dute. Ikuskizunaren aurretik, pilotazale guztiak kiroldegira joango dira txarangarekin batera, kalejiran. Arratsaldeko 17:15ean abiatuko dira plazatik.

Sarrerak egunean bertan

Jon Etxeberria Abantzu pilota klubeko lehendakariak azaldu du larunbat honetan eta hilaren 26an “jendeak erantzutea eta ondo pasatzea” espero dutela.

Partida bakoitzerako sarrerak egunean bertan jarriko dizute salgai kiroldegiko, leihatilan. Hilaren 17ko finalaurrekoak ikusteko sarrerak bost euroan salduko dituzte, eta 26koak, hamar euroan.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide