Albisteak

Zortzi kasu positibo baieztatu dira asteburuan Zestoan

Osasun Sailaren datuen arabera, zortzi kasu positibo zenbatu dira asteburuan Zestoan: bost larunbatean eta beste hiru igandean. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 652,23 kasukoa da herrian, ostiraleko tasaren bikoitza. Eskualdean, guztira, 85 positibo detekatu dira gehienak Azpeitian eta Zumaian.

Osakidetzak 19.901 PCR proba egin ditu Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian azken 48 orduetan eta horietatik 1.399 positibo detektatu dira: 615 Bizkaian, 608 Gipuzkoan eta 159 Araban. Atzotik gaurrera, EAE-tik kanpo bizi diren 17 pertsonak ere positibo eman dutela jakinarazi du Osasun Sailak. Nafarroan, berriz, 2719 PCR proba egin dira azken 24 orduetan eta horietatik 467 kasu positibo baieztatu dira.
Murrizketa neurriak
Azken asteetako positiboen gorakada ikusita, pandemiari aurre egiteko neurri berriak iragarri zituen larunbatean Osasun Sailburuak. Eusko Jaurlaritzak gaur erregistratuko ditu Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian neurriok. Gero, EAEko Justizi Auzitegi Nagusiak hiru egun izango ditu txostena aztertu eta berresteko.

Neurriek ostalaritzako eta parkeetako ordutegietan, ekitaldietako edukieran eta federatu gabeko kirol lehiaketetan izango dute eragina. Datozen egunetatik aurrera, taldeak 10 pertsonatik 6 izatera pasako dira eta era guztietako ekitaldi eta estblezimenduen edukiera %50era mugatuko dute. Ekitaldi handiei dagokienez, aire librean badira, 600 pertsona baino gehiago ezingo dira bildu, barruan, berriz, 400. Taberna eta jatetxeek gauerdian itxi beharko dute eta txoko eta elkarteetan ezin izango da bildu. Parkeak ezingo dira erabili iluntzeko 23:00etatik aurrera eta federatu gabeko kirol lehiaketa guztiak bertan behera gelditu dira.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide