Albisteak

[ZUTABEA] 241

Abenduko zenbakitik ekarritako zutabea:

“Frontoi txikiko karteldegia: kontzertu iragarpenak hain garesti jarri diren honetan, zenbaki batek bereganatu du nire arreta, 241.

Segituan gogoratu naiz: 2 urte 4 hilabete eta egun bat. Intsumiso mugimenduari lotutako zenbakia, horixe baitzen derrigorrezko soldaduskari uko egiteagatik ezartzen zuten kartzela zigorra, 2 urte 4 hilabete eta egun bat.

Frontoi txikiko kartelera bueltatuz, Lander Garrok Iruñeko 6 gazte intsumisori buruz egindako dokumentala Zarauzko zinemodelon botako dutela esaten du.

Eguna iritsi da eta lanetik etxera bueltatu berritako pereza eta giro exkaxari aurre eginez banoa zinemodelora tipi-tapa.

Dokumentalak benetan harrapatu nau. 80 eta 90garren hamarkadetara bueltatzea izan da, txima-luze, trekkingeko bota, mendiko txupa eta marradun kamisetetara buelta.

Dokumentalak soldaduskaren aurkako intsumiso mugimenduaren historia kontatzen du, Iruñeko 6 gazteren historia, nola soldaduskari uko eginez kartzelara joan ziren, 2 urte 4 hilabete eta egun bateko kondena bizkarrean, nola segituan eskaini zioten hirugarren graduari uko eginez bueltatu ziren kartzelara beraien gogoz, Estatuarengan halako kontraesan bat sortuz, beste gauza askoren artean.

Iruña nola antolatu zen, borroka egitera hain ohituta dagoen herri batek izan duen borroka benetakoenetako bat sortuz, karga politiko guztiak baztertu eta benetan sinisten zuten antimilitarismoa muturreraino eramanaz.

Oso gogoan ditut “Insumisos palante militares patras” edota “A mí la mili no me molaría ni con el sueldo de la policía” bezalako esloganak. Nola esklabetan ikasle ginela, borroka eguna antolatu, autobusa hartu eta Donostiko San Martin kaleko epaitegira joan izan ginen, gure anai, lehengusu eta lagunen epaiketetara.

Baina dokumentalak benetan bat eginda borroka egiten genuen garai batez hitz egiten du, eta Lander Garrok bertara eraman nau. Benetan gozatu dut eta zinemodelotik etxerako bidea aurpegian irribarre batekin egin dut.

Gora Intsumiso mugimendua!! Gora borroka honetan borrokatu zenuten Zestoar danak!!

Eta gogoetatxo bat; maskarilla jantzita, ardiak bagina bezala, burua jaitsita elkar besarkatzeko beldurrez gabiltzan honetan, ez al luke izan behar inoiz baino zentzu gehiago INTSUMISIOA! Garrasiak?”

Aritz Cestona




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide