Albisteak

[ZUTABEA] Ander Telleria: Bizirik

Hau maitasun adierazpen xume bat soilik izango da, eta zuk, irakurle horrek, gauza bera egin dezakezu; nahi beste modu, baliabide eta aukera dituzu horretarako. Ez pentsa ohikoa denik nigan, ezta niretzat erraza denik ere, baina jarduera ederra da eta horretarako momentua eta aukera dela sentitu dut eta zutabe honetan horixe egitera noa.

Goizean, esnatu orduko, eguneko lehen otorduaz gozatzen dut; berriak entzunez, datorren eguraldiari so eginez edota lankideekin solasean. Naturaz ere gozatzen dut; udaberriak eskaintzen digun orlegi kolore indartsuak hunkitzen nau; mendien, basoen eta itsasoaren handitasuna begiztatzea ere zoragarria da niretzat. Kirola ere maite dut, bizikleta saio eder batek erlaxatzen nau edota oinez inguruko txokoak ezagutzeak betetzen nau. Musika kanta batek sentiarazi dezakeena ere izugarri polita iruditzen zait eta loaldi on bat bera ere bizitzak eskaintzen dizkigun plazeretako bat da.

Pertsonak garen heinean, aitzitik, momentu bikainak bai, baina ez hain onak ere izaten ditugu. Zorionez, ordea, horiek guztiak maite ditugun lagunekin, senitartekoekin edo bikotekidearekin partekatzeko, gozatzeko edota irtenbiderantz bidea egiteko aukera izaten dugu. Eta hori ere ederra da; ederrena ez bada!

Fisikoki hemen ez dauden horiek ere aipatu behar ditut; haiek bizitzan eman didatenaz oroitzean hunkitu egiten naiz eta, aldi berean, asko gozatzen dut.

Bizitzak sekulako aukera interesgarriak eskaintzen dizkigu: liluragarria da! Nire kasuan arestian aipatutako horiek dira bizi-grina eta, aldi berean, bizi-poza elikatzen duten adibidetako batzuk. Zuk ere, ziur, izango dituzu zureak eta horiek adierazteko jarduera bera ere bizitzako beste plazeretako bat izan daiteke.

Nik, sentsazio horiek guztiak bizitzen jarraitzeko ilusioa dut eta hori ahalbidetzen duen guztia nabarmendu nahi dut hemen. Maite dut bizitza! Eta zuei, horrenbeste ematen didazuen guztiei, zera adierazi nahi dizuet: eskerrik asko bene-benetan; asko maite zaituztet!

Ander Telleria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide