Paperekoa

[ZUTABEA] Bizi ala itxaron?

Bada bizitzan, lehenago edo beranduago, ia denoi gertatzen zaigun zerbait: helburu bat jartzen dugu, eta, konturatu gabe, helburu hori lortzea bihurtzen da gure egunerokoaren erdigune: lan egonkor bat aurkitzea, titulu bat lortzea edota oposizioren bat gainditzea. “Hori lortzen dudanean hasiko naiz benetan bizitzen” esaten diogu geure buruari. Baina bitartean zer? Gure egun bakoitza helburu baten mende geratzen ote da? Prozesu batean sartzen garenean, askotan, itsutu egiten gara helmugara iristearekin. Hainbeste begiratzen diogu amaierari, geure bidea ikusteari uzten baitiogu. Bidean aurrera goaz, baina burua etorkizunean dugu. Horrela, gaurkoa ez da bizitza, trantsizio deseroso bat baizik.

Zenbatetan sentitu duzu ahalegin guztia alferrikakoa izan dela? Edo zenbatetan pentsatu duzu ez zinela nahikoa egiten ari? Goizez ikasi, arratsaldez lan egin: etengabeko nekea. Barruan esaldi bat dabilkizu: bolada txar hau amaituko da. Baina bitarte horretan, bizitza aurrera doa. Helburu asko beldurretik jaiotzen dira, ez ilusio lasaitik. Horregatik, eguna ezin izaten da bizi, “jasan” baizik; dena etorkizunerako uzten delako.

Paradoxikoki helburua lortzen dugunean hutsune bat agertzen zaigu. Urteetan norabidea eman digun hori desagertzen denean, honako galdera hau sortzen zaigu: eta orain zer? Identitatea helburu baten bueltan eraiki dugunean, helburua betetzean galduta sentitzen gara. Ez baikaitu helmugara iristeak betetzen, bidean egindako aurrerapenak baino. Agian gakoa ez da helburua albo batera uztea izango, baizik eta prozesua bizitzen ikastea. Onartzea momentu horiek ere bizitza direla. Helmugara iristean ohartuko gara bizitza ez zegoela helmuga horretan, baizik eta bidean bizi behar genuela. Eta galdera bakarra geratuko zaigu: bizi ala itxaron?

Tania Sánchez




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide