Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Ehun urte bete ditu Amparitok. Ehun urte Jaume Texidor konpositoreak Amparito Roca pasodoblea sortu zuenetik. Auskalo horietatik zenbat daramatzan Zestoako bandaren errepertorioan. Gure ama 40 urtez egon da Erdikalera begira, udaletxe azpiko azken arkupearen oinetan, bideokamera eskuetan Amparitoren hasiera grabatzen.
Zestoarrontzat “beti” berezia izan bada ere, bitxia da ikustea nola aldatu den une hori bizitzeko modua. Duela 40 urteko irudietan bandako kideez gain dozena bat lagun ageri dira, gehienak Porttu, Txoko edo Uztapide atarian. Egungo euforiatik urrun, baina orduan ere hunkigarria izan ohi zen piezaren lehen konpaseko tronpeten deia.
Ez gara bakarrak, Tarragonako Santa Teclako festetan, Baixada de l’aliga delakoan, milaka lagunek abesten dute gau guztian zehar etengabe “gure” Amparito. Espainiako Gazte Orkestrak espainiar estatuko antzoki garrantzitsuenetan propina gisa jo ohi du (Beethovenen edo Brahmsen sinfoniak interpretatu ondoren). Batean zein bestean, Espainian, Tarragonan edo Zestoan, zer ote du partitura honek hainbeste jenderi barrenak mugiarazteko?
Susmoa dut egun Amparito entzutera zekorketak ikustera baino jende gehiago joaten dela, zekorketak gustatu ez, edo horien aurka dauden asko ere biltzen direla erdi kalera. Pozteko albistea da inondik inora ere! Musika pieza batek pentsaera ezberdineko herrikideak banandu baino, batu dituenaren seinale. Pentsatzen ari naiz, Amparito gabeko zekorketarik ez dudala imajinatzen Zestoan… baina zekorketarik gabeko Amparito bai, eta laster (berandu baino lehen) ahaztuko zaigu pasodoble hau “zekorketak iragartzeko” jo ohi zela.
2023ko Zoroperietan, ez zen pilota partidarik izan, baina haiek iragartzeko egin ohi den Vamos al frontón kalejira inprobisatua egin zen; eta herritarrak gogoz bildu ziren kalean, musikaren airean, pilota partidarik gabeko jaialdi ederra ospatzeko. “Tradizioak” horrela egokitzen baitira garai berrietara. Azken finean, musika pieza hauen eta beste askoren arrakastaren gakoa hor egongo da: herria batzeko, herritarrak elkartzeko eta komunitate sentimendua indartzeko duten gaitasunean. Urte askotarako, Amparito!
Jagoba Astiazaran