Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Hemen naiz berriro ere, bueltan. Beste gauza askoren artean, eta nire inguruan hain isilik edo ezkutuan zegoen beste zerbait ere bai. COVID, bai, COVID. Nire gorputzera berriro itzuli da, indar handiarekin gainera. A zer jipoi jaso duen nire gorputzak. 40 urte betetzear nagoen honetan, fisiko aldetik oso fuerte nengoen honetan (nire ustetan), plast. Hilabeteko kirolak, 4-5 egunetan joan zaizkit. Nekea azkarrago iristen zait, birikak bete, arnasa sakon eta luze hartzea kostatu…Baina, hala ere txarrena, etxe barruko orduak izan dira. Pantailei begira eta egun osoan zer egin ez dakidala. Etxeko bakardadeak itzali egiten nau, txikitu, isildu. Kale giroa eta saltsa behar dituen pertsona naiz. Lau hormen barruan orduak pasatzen dituzten nerabeekin gogoratu naiz momentu askotan. Zergatik daude? Gustura al daude? Laguntza behar al dute? Gero eta ordu gehiago pasatzen dituzte etxean. Ohiturak eta beharrak aldatzen ari dira, gu modu batera hezi ginen eta hauena ulertzea gehiago kostatzen zaigu. Kalean askotan entzuten dut, “gure haurtzaro eta nerabezaroan bizipoz gehiago zegoen”, “kalean ordu gehiago pasatzen genituen”, “aspertu egiten ginen”. Eta egia esan, aspertzeak, gure imajinazioa aktibatzen zuen, gure barruko deabrutxoa pizten zuen. Baina udarako arratsaldeak alaitzen zizkigun. Udarako egun haiek anekdota bilakatu dira. Gaur egun, egindako deabrukeria txiki guztiak jaso eta liburutxoa idazteko gogoa ematen dit, bat edo bi agian. Nerabezaroko esperientziak gogoratu eta barru poza pizteko, nire tristurak poztasun bilakatzeko. Eta egunen batean, herriko plazan jarri eta gure kuadrillako gertaera guztiak konpartitu nahiko nituzke, gure bizipenak adierazi… eta gaur egungo haur eta nerabeak, kale, mendi, erreka, parke… esperientziak bizitzera animatu. Urteak pasa ondoren, mahai baten bueltan, lagun artean, elkarrekin batera barre algara politak egin ahal izateko. Ze, nik uste, kuadrillako afari edo bazkari denetan ateratzen da nerabezaroko TOP lista. KIT
Alex Altolagirre