Albisteak

[ZUTABEA] Gogoan dut

Aritz Galarragak bere “Gogoan dut” liburuan dio memoria garela, gure oroitzapenek egin eta osatzen gaituztela. Bere antzeko ariketa egiten hasita, garai bateko Zestoara noa. Ez dakit horrela izan edo gertatu ziren, baina halaxe daude nire buruan.

Gogoan dut rubioa nintzela.

Gogoan dut Juanitaneko Colajet gratis, panaderi zaharreko atzeko atea, Eduardorenean ilea moztea eta Potxoloneko Pilarren ahotsa.

Gogoan dut Porttuneko Renault 25ak hitz egiten zuela, udaran atarian bokadilloa afaltzen genuela eta balkoitik deitzen gintuztela etxera.

Gogoan dut tio Jabierrekin Renault 5ean Itziarko tabernara joaten ginela Tourra ikustera, monagillo ibiltzen zirenak Don Manuelekin Atotxara joaten zirela Reala ikustera, eta Xuper Oriora bizitzera joan izana ez genuen ulertu…

Gogoan ditut lagun askoren etxeko telefono zenbakiak (147…), Tomax Bitarteneko bizikleta arteko usain ederra eta Alkortaneko “petisuisak”, Karlos Alkortak zioen bezala, gaizki ahoskatzen bagenuen ere.

Gogoan dut Mikel Urkola, Kabestaniren “Urola Bai” eta 1990eko Italiako Munduko Futbol Txapelketako finalean Alemaniak atera zuen hamaikakoa.

Gogoan dut Mantziren irribarrea.

Gogoan dut herriko krosaren aurretik bozgorailuetan entzuten zen txaranga hotsak sortzen zidan larritasuna; baita bertsozalea izan ez arren Santa Ageda bezperan balkoian sentitzen nuena ere.

Gogoan dut Kukurruku irratia. Uste dut geuk estreinatu genuela, edo horrela sinesten jarraituko dut behintzat.

Gogoan dut aitaren aholkuak beti zirela eta direla lagungarri.

Gogoan dut egunero, hainbat aldiz, Izarraitzi begiratu beharra; bandako afarietako Inixio Lokatzaren kantu alaiak eta Zestoako harrobia.

Gogoan dut igandero grabatzen genuela “Al filo de lo imposible” eta aurretik grabatuta geratzen zela “Alf”en zati bat, nola ez “Doctor en Alaska” eta ez nuela nire anaia Formigalera lanera joaterik nahi.

Gogoan dut andereño Begoña andereño izan nuela, uste dut biontzat izan zela urte zaila…

Gogoan ditut plazako probarriak ostiral gauez Erdikalera egiten zituen bidaiak, Uztapide aurreko koskan pasatako orduak, txokoko pilota partidetako pikadak eta abenduaren 26 batean basurdeak “ihes” egin zuela.

Gogoan ditut izandako soka-kideak, baina batez ere arrebarekin eskalatutako bide luzeak.

Gogoan ditut esan gabe utzi ditudan guztiak, den denak…

Aritz Cestona




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide