Albisteak

[ZUTABEA] Hitz egin dezagun

Bonbak euria bezala erortzen dira lurralde ezezagun batean. Inoiz haiena izan ez den zerbait lortu nahi dutenek ametsak suntsitzeko zilegitasuna dutela sinesten dutelako. Hitz egin dezagun ozeanoa irensten ari den esperantzaz bete eta husturiko milaka gorpuez, eta bizirautea lortzen dutenak errefuxiatzen dituen gizarteaz.

Birus batek eragindako histeria kolektiboari buruz hitz egin dezagun, osasun krisia maldan gora doan bitartean, desagintariek txertoak lapurtzen dituzten bitartean. Eta bengala bat pizten dugun bitartean, lau haizetara egia oihukatu zuen rap abeslari errugabearengatik aldarrikatuko dugu, adierazpen askatasun faltsuaren mitoa saldu nahi izan zigutela ostiral beltz batean.

Perfekzioaren bila dabilen humanitatea gara, ordea, nola neurtzen den jakin gabe, norberak bere neurri perfektuak dituela ulertu gabe. Perfekzioa da herri baten madarikazioa, baina ezin daiteke konpondu ikusezina dena. Jarraitu dezagun pantailetan ageri diren plastikoz perfekzionatutako izakiei begira. Nik zalantza dut ez ote den gure barnea kirurgia behar duena. Mesedez, hitz egin dezagun honetaz.

Hitz egin dezagun duela urtebete ilundu zen herriaz. Ordudanik ari da argia eskatzen. Antzekorik berriz ez gertatzeko aldaketak beharrezkoak omen dira. Beste batzuek ez dakite beharrak zer diren, eta guk, geuk isuritako hondakinez kutsatutako itsasoan bainatzen jarraitzen dugu. Zakarrak estaltzeak ez ditu desagerrarazten, eta desagertuak Joaquin eta Alberto izan ziren.

Aizarnazabalen ez dira armak fabrikatzen, baina krimena arazo bat da eta Aintzane hil egin zuten. Hitz egin dezagun indarkeria matxista izena duen pandemiaz. Mendeak daramatza gure munduan emakumeak hiltzen, baina honek ez du histeria kolektiborik sortzen. Feminismoaren antidotoa doan daukagu eta oraindik ez dakigu bere esanahia hiztegian begiratzen.

Gerra hotz, bero eta epelean, bata bestea lokaztutako uretan sartu nahian gabiltza bando berean gaudela jakin gabe. Herria salbatu nahian hezkuntza babestu gabe. Hitz egin dezagun gure hizkuntza txiki handia indartuz, auzi honetan egiten ari garenaz eta egin dezakegunaz. Hitz egin dezagun bizitzaz eta heriotzaz. Hitz egin dezagun errealitateaz eta ez reality showez.

Hitz egin dezagun apur bat gehiago, zikindutako hitzek gu jan ez gaitzaten.

Aizpea Aristi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide