Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Urtebete gehiagoz itxaron ondoren, pasatu da Korrika. Beti gogoratzen naiz AEKn ibili nintzen garai haietan zenbat kostatzen den antolatzea, eta eguna iristean zein azkar pasatzen den herritik. Zestoan ere jende askok hartu zuen parte, nahiz eta goizeko ordu txikietan igaro. Korrikak badu zerbait berezia, denongan irrika eta poza sortzen dituena. Irudipena dut, ordea, Korrika pasatu bitartean bakarrik irauten digula gure hizkuntzarekiko poz horrek.
Benetan du balioa gure hizkuntzak. Guk sehaskan jaso dugu, gure aurrekoek erakutsi digute. Ez dugu esfortzurik egin behar izan ikasteko, gure lana hizkuntza bizirik mantentzea besterik ez da, eta horrekin batera, gure ondorengoei transmititzea. Baita benetan hizkuntza zahar bat mantentzeak duen garrantziaz ohartaraztea.
Nere miresmen osoa dute euskaraz ikasi duten eta ikasten ari diren guztiek. Haiek esfortzu handi bat egiten ari dira herri zahar honetako hizkuntza bizirik mantentzeko. Euskara ama hizkuntza dugula esaten dugunok ere egin dezagun ba ahalegina gure hizkuntza gal ez dadin. Erabil dezagun, sinets dezagun ez dagoela modaz pasatuta, jabetu gaitezen hizkuntzak herri egin gaituela.
Erkuden Larrañaga