Albisteak

[ZUTABEA] Interpretazioak

Ez dut inoiz pinturei arretaz erreparatzeko pazientziarik izan; izan ere, egokitu zaizkidan koadroen ehuneko handi batek, oso gutxi ikusitakoa naizen arren, interpretazio askotarako bideak irekitzen ditu, eta beraz, zenbait olerkirekin bezalatsu, irakurlea da edukiari, ehuneko ez hain txikian, forma ematen diona, horretarako egin behar den esfortzuak irakurketa konpartitu batera eramango ote duen jakin gabe.

Duela pare bat egun, ordea, autora bidean nindoala, bi pintorerekin egin nuen topo metro gutxiren buruan, zeinak eguraldia lagun, aurrean zuten paisaiaren ederra marrazten ari ziren. Lehenak hamar metrora zuen zubia papereratzen ziharduen, dagoeneko azken ukituak emateko prest.

Aski izan nituen hogei pausu bigarren pintorearengana iristeko. Bere ondotik igaro arte ez nuen koadroa ikusteko aukerarik izan, beste aldera begira kokatua baitzegoen, eta metro batzuk aldendu orduko, tentazioari eutsi ezinik, burua biratu eta pinturari arreta jarri nion. Lehen begi kolpean aurrez aipatutako koadro subjektibo horietakoa iruditu bazitzaidan ere, segituan ohartu nintzen marea jaistean ibai ertzean bistaratzen diren horma horietako bat marrazten ari zela. Orduan, ur-maila altua zela ikusirik, zenbait ordu barru agertuko zena irudikatzeari ekin ziola ohartu nintzen.

Orduko nire interpretazioa, ez koadroarena, egoerarena baizik, igarleek esku-ahurretan nola, pintoreak bere pinturan etorkizuna iragartzen zuela izan zen. Burutazio xelebre hark bultzaturik, zenbait galdera egitera hurbildu nintzaion pintoreari, hark aurpegi arraroa jarri zezakeela jakitun.

Behar bezala agurtu eta gogoeten berri eman ostean, nire harridurarako, galderak erantzuteko prest agertu zen, modu horretako eskaera bat egiten zion lehena izan ez banintz legez.

Beraz, euskaldunon kezkagai nagusia den edo beharko lukeen gaiaren inguruko zenbait galdera luzatu nizkion, euskararen etorkizunari buruzkoak, alegia: Zer etorkizun izango du gure hizkuntza komunitateak? Aurkituko al dugu hurrengo belaunaldiei hizkuntza transmititzeko modurik? Zer indar izango du euskarak datozen hamarraldietan?

Galdera bakar bati ere erantzun gabe, koadroaren azpian sinadura eta eskaintza bat idatzi zituen: “Para Aitor, con la esperanza de…”. Irudi batek mila hitzek adina dioela entzun izan dut, baina kasu honetan, sei hitzek irudia adina informazio eman zidatela esango nuke. Koadroa eskuetara luzatu zidan une berean, bi interpretazio egin nituen. Bata, egun, euskarak, oraindik ere, ez duela behar adina presentzia artea bezalako espazio “prestigiotsuetan”, eta bestea, etorkizunean ere eskaintzak gaztelaniaz jasotzera ohitu beharko garela, ingelesez ez bada.

Aitor Salegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide