Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Azken urteotan, kirolaren presentzia gero eta handiagoa da gizartean. Runninga eta trail runninga oso modan daude, eta egia esan, pozgarria da mugimendua eta osasunaren aldeko joerak sustatzea. Ni ere erori naiz moda horretan! Hala ere, moda orok bezala, honek ere baditu bere arriskuak. Ohikoa da prestaketa egokirik gabe erronka handietan sartzea (maratoi bat, adibidez), gorputza mugara eramanez; ondorioz, osasunaren izenean askotan ordaintzen dugun “prezioa” dira lesioak, nekea eta desmotibazioa.
Moda honek fenomeno bat ekarri du berekin: jarduera fisikoa erregistratzeko, Strava gisako plataformak erabiltzea. Kirola egitean plazera askotan datuek, errendimenduak eta besteen balioespenak ematen digute. Eta orduan galdetzen dut nik: zertarako egiten dugu benetan kirola? Norberaren osasuna edo plazer hutsagatik, ala besteek ikus dezaten? Garrantzitsua da norbere burua gainditzeko eta hobetzeko erronkak jartzea, baina nire ustez, kirola egiteak bere benetako zentzua galtzen du besteen iritzietan oinarritzen dugunean.
Horren harira, honakoa azpimarratu nahiko nuke: indar entrenamenduaren garrantzia. Oraindik ere askotan gutxietsia edo bigarren mailan utzia da, nagusiki, emakumetan eta hirugarren adinean. Aitzitik, egungo ikerketek garbi erakusten dute: indarra lantzeak onura itzelak dakartza adin guztietan, epe laburrean eta luzean, arlo fisikoan, sozialean zein psikologikoan. Esate baterako, eragina du garapenean, jarreran eta koordinazioan hobekuntzak ekartzen ditu (haur eta nerabeetan), lesioen prebentzioa eta errendimendua hobetzen ditu (helduetan), funtzionalak eta autonomoak izaten laguntzen digu (adinekoei)… Indarra entrenatzea ez da errendimendua hobetzea edo pisua altxatzea soilik, entrenamendu mota asko daude, eta indarraren bidez etorkizuneko osasuna da jokoan dagoena, bizitzan funtzionalak izateko ezinbestekoa baita.
Azken batean, kirola ez da distantzia bat egitea soilik, ezta marka pertsonal bat gainditzea ere. Kirolak ez du moda bat izan behar, bizimoduaren parte baizik. Egunen batean kilometro gutxiago egingo ditugu, baina orduan ere egunerokoan mugitu zein funtzionalak izan nahiko dugu, eta indarra lantzeak izango du zeresana horretan. Ez dezagun ahaztu gorputza ez dela makina bat, zaindu beharreko aliatu bat baizik.
Iratxe Martin Aizpurua