Albisteak

[ZUTABEA] Ondo bizi!

Hala esan ohi diogu denbora luzean ikusiko ez dugun lagun bati. Ondo bizitzea opa diegu besteei; esango nuke, agian, hori dela askoren helburu nagusia. Ondo bizitzea zer den, ordea, luze eztabaida genezake. Oinarrizko beharrak aseta edukitzea, gutxienez. Eta hortik aurrera, egonkortasuna, bizitza sozial oparoa, maitasuna, konpainia, esperientzia aberasgarriak… Batzuentzat, zenbat eta erosotasun gehiago, zenbat eta aberastasun gehiago, hobe.

Hor zerbaitek huts egiten du, ordea. Ezin du “gehiago” izan denontzat, ia zortzi mila milioi pertsona bizi garen planeta honetan. Mendebaldeko gizakion bizimodua esplotazioari esker da posible. Gure bizi-maila beste askorenaren kontura lortu dugu, eta horretan jarraitzen dugu. Argi dago dena kate bat dela, eta guk zapaltzen dugun bezala gu ere zapaltzen eta estutzen gaituztela, gure lan- eta bizi-baldintzek okerrera egin dutela azken urteetan, ezer gutxi egin dezakegula norbanako gisa. Zalantzarik gabe, boterearekin batera doa ardura, eta ez nator ni esatera zer egin behar duen bakoitzak.

Baina entzuten ditudanean, gure aitona-amonak “ondo bizi” daitezen, esklabo hartzen ditugun langile migratzaileen bizipenak, nire buruari galdetzen diot nola egiten dugun lo lasai beste batzuk esplotatzen ditugun artean. Hala ere, erosi izan ditut Huelvako marrubiak, jakinik zein baldintza txarretan bizi diren horiek jasotzen dituzten emakumeak. Kafe komertziala edaten dut egunero, jakinik hemen ordaindutako euroetatik ekoizleei zentimo ziztrinen bat baino ez zaiela iristen. Jaten ditut ahuakateak, badakidan arren itsasoaren beste aldean urre berdearen negozioak zer miseria eragiten duen.

Kontraesanak ditugula onartzea ondo dago, inor ez da guztiz koherentea. Baina egin dezakegun gutxienekoa da pentsatzea zer eragin duten gure ekintzek, nori ematen diogun dirua, zer balore transmititzen ditugun gure eguneroko kontsumoan eta jokabidean. Eta ohiturak aldatzen joatea, norbera ondo bizitzea ez dadin izan beste pertsonen, animalien eta ingurumenaren kalterako.

Maia Ossa Rissanen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide