Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Uztailean gaude eta zuetako asko oporretan egongo zarete. Beste asko, aldiz, horiek noiz iritsiko zain, abuztua gertu dela-eta. Esango nuke urte guztia pasatzen dugula oporren zain, edota udako oporren zain, hobeto esanda. Izan ere, gehienok-edo udaran hartzen ditugu opor luzeenak. Eta oporrak iristear daudenean nahitaezko galdera: nora zoaz? Badirudi oporretan egonez ezkero ezin dela etxean geratu, nahi edo ez kanpora joan behar dugula. Eta kanpora diodanean urrutira esan nahi dut, zenbat eta urrunago, hobe; eta urruneko leku horrek hondartza badu edo exotikoa bada, zer esanik ez. Ahal den urrutienera joan beharra, horretarako hegazkina hartzea, gure aurrekontuaren zati eder bat oporretan gastatzea… gizartean normalizaturik dugun zerbait da.
Oporrak deskantsatzeko dira, egunerokotik pixka bat atera eta gure buru eta gorputzari atseden emateko. Hori horrela da, baina oporrak igarotzeko modua ere “sortu” egin digu sistema kapitalistak. Sistemak turismo eredu zehatz bat sortzen du, berak nahi dituen beharrak sortuz, guk etengabean kontsumitzen jarraitzeko. Eta horrela, hartuko dugu hegazkina, zeren merke jartzen dute-eta, baita bidaia motzak egiteko ere. Pentsatuko dugu: “joe, ez dakit noraino joateko hegazkinean joatea hobeto ateratzen zait, denbora gutxiago behar dut, eta gainera autobusez joatea baino merkeago ateratzen zait”. Eta joango gara eguzkia hartzera, hurbilena Kanariar Uharteetara-edo, han ere hotelak merke, txiringitoak atzerritarrez josita, gu ere haien artean turista azalean jarrita… Eta pentsatuko dugu guk ere merezi ditugula horrelako oporrak, eta ez dugu pentsatuko merke den hotel horretako langileen lan-baldintzak zer nolakoak diren, txiringitoetan lanean ari diren langileenak bezalaxe. Eta bitartean atzerritarrak gure herrialdera etorriko dira, eta kostako etxebizitzak hartuko dituzte alokairuan, ordaindu ezinezko prezioetan.
Turismo ereduaren inguruko hausnarketa egiteko ere tartetxo bat hartu dezakegu oporretan ezta? Ondo pasa oporrak!