Albisteak

[ZUTABEA] Zer egingo diogu ba…

Gerraren kontra gaude, eskuak burura eramaten ditugu metrailetak eskuan dituzten gaztetxoak ikustean. Klima aldaketak kezkatzen gaitu, uda gero eta desertikoagoak bizi ahala, eta neguan argindarraren prezioak estututa. Argindar konpainiez kexatzen gara, izugarrizko irabaziak egiten dituztelako herritarrok duin bizitzea gero eta zailago dugun honetan. Multinazionalez kexatzen gara, bertako dendak eta zerbitzuak ixtea eragiten dutelako. Prezioek gora, bizi-kalitateak behera, prekarietateak gora, bertako merkataritzak behera.

Egun on, zer moduz, betiko martxan, ez gara kexatuko… Gero gertakariren bat edo berri txarren bat aipatu, ze amorragarria edo tristea den esan, eta, amaitzeko: zer egingo diogu, ba? Goiko horiek nahi dutena egiten dute eta! Halaxe da, horrela begiratuta indargabe sentitzen da bat. Batzuen miserien kontura aberasten dira besteak. Frustrantea da, iruditzen baitzaigu guk ezin dugula ezer egin munduko okerrak pixka bat arintze aldera, eta “betiko martxan” segitzen dugu: betiko bankuan interesak ordaintzen, betiko supermerkatuan erosketak egiten, betiko argindar eta telekomunikazio konpainien bezero izaten, betiko multinazionalen arropa erosten, eta abar. Eta betiko martxa horretan, gu baino pribilegio gutxiago dituztenen esplotazioan parte hartzen dugu.

Goiko horiek nahi dutena egiten jarraituko dutenez, eta iraultza handietan sinetsi beharrik izan gabe, guk asko daukagu egiteko, herritar bezala, “pertsona normal” bezala. Gure burua boterearen kontrako borroka sutsuan ikusten ez badugu ere, diru zikinaren jokotik aldentzeko zer edo zer egin dezakegu. Gure lau xoxak betiko enpresei emateari utzi eta alternatibak bila ditzakegu, banketxe etikoak, argindar eta telekomunikazio kooperatibak, gertuko ekoizleak… Azken finean, dirua irabazteagatik irabaztea helburu ez duten ekimenak. Handiek ez dute apenas igarriko gure falta, baina proiektu txikiagoek asko eskertuko dute haiengana batzea.

Gero eta aitzakia gutxiago ditugu “betiko martxan” jarraitzeko, eta gero eta gutxiago izango dugu galtzeko ere. Dugun gutxi hori eman diezaiogun merezi duenari, edo, besterik ez bada, kalte txikiagoa egiten duenari.

Maia Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide