10- ‘Zu “etniko”, ni normala’

Dantza sufi bat “etnikoa” da, Vienako bals bat, ez. Siriako jatetxe bat “etnikoa” da, hanburgeseria bat edo pizzeria bat, ez.

Hurrengo pasarteak, Manuel Delgadok 1996an El Pais egunkarian argitaratutako artikulutik aterata daude:

Definizio zorrotza alde batera utzita, ‘etniko’ hitzak, gure artean, elbarritasun kulturaleko egoera bat definitzeko balio du, kolektibo edota ekoizpen kultural “ez moderno” bat. Dantza sufi bat “etnikoa” da, Vienako bals bat, ez. Siriako jatetxe bat “etnikoa” da, hanburgeseria bat edo pizzeria bat, ez. Belgika, Ipar Irlanda eta Euskal Herria ez dira inoiz gatazka etniko gisa aurkezten; izan ere, “etniko” izendapena “aurreratutzat” homologatu gabeko herriei soilik eman dakieke.

Etorkinei aplikatuta, “gutxiengo etnikoak” dira herrialde txiroetatik datozen eta legez kanpoko egoeran edo egoera prekarioan dauden banakoek osatutako taldeak, eta berez existitzen ez diren “magrebtar”, “Saharaz hegoaldeko” eta “asiar” taldeei bide ematen diete, funtsezko bereizketak alde batera utziz, hala nola, kasuren bat jartzeagatik, lohi-bubi edo arabiar-bereber. Jakina, ez litzateke onartuko frantsesak edo extremadurarrak, hemen, Filipinetako txatxak edo Peruko indiarrak bezain “gutxiengo etnikoa” direnik.

Laburbilduz, “gutxiengo etnikoaren” nozioak gizarte-bazterketa eta eskulan merkea juridikoki eta polizialki antolatzeko balio du. Nagusi den fantasia politikoan, “gutxiengo etnikoak” bereizten ditu behean, gizarte-sistemaren mugan edo harantzago kokatu direnak, gure errukiaren objektu egin ditzakegunak, bakantasunean existitzea “onartzen” dieguna. Arrazakeriaren aurkako mugimendua bera tranpan erortzen da maiz, etorkinek beren burua folklorizatzen duten jaialdiak antolatuz, cus-cus platerak konbultsiboki prestatuz edo dantza mota guztiei “tribal” ikutua eman eta ikuskizunak antolatuz. Beren ohitura arraroengatik barkamena eskatuz, ontzat ematen dute beren zailtasunek beren “kulturarekin” zerikusia dutela, eta ez erakarri dituen eta kale gorrian uzten dituen ordena sozioekonomiko horren bidegabekeriekin.

Manuel Delgado, ‘Tú étnico, yo normal‘ 1996/12/23 El País

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide