Albisteak

Altxa Burua taldea osatzeko batzar irekia izango da ostegunean

Argazkia: Altxa Burua

Martxotik maiatzera bitartean, pantailen erabilerari buruzko hitzaldi zikloa izan da Zestoan. Saio hauetan parte hartu duten hainbat gurasok interesa agertu dute herrian Altxa Burua taldea osatzeko.

Altxa Burua teknologiaren erabilera egokia sustatu nahi duten guraso taldeek osatutako sarea da. Gipuzkoa mailan gero eta zabalagoa den sare honek herrietako, auzoetako eta eskoletako gurasoak biltzen ditu, eta etengabe hazten ari da.

Ekimenak lau helburu nagusi ditu; batetik, seme-alabei Interneterako sarbidea duten gailuak ematea ahalik eta gehien atzeratzea. Bestetik, eskolak mugikor gabeko arnasgune bihurtzea eta era berean, hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu, libre eta ebidentzietan oinarritu baten alde egitea proposatzen dute. Azkenik, helduak zein seme-alabak erabilera egokian trebatzea bilatzen dute, familian eredu izan eta kontzientzia saretzeko.

Zestoan talde honen lehen batzar irekia ostegunean egingo da, maiatzaren 22an, 18:00etan Gaztelekuan. Antolatzaileek gaian interesa duen guraso oro parte hartzera gonbidatzen dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide