Paperekoa
[ELKARRIZKETA] Inor gehiago isildu ez dadin
— 2025-05-19Jazarpena jasaten duten pertsonak asko dira, baina ez hainbeste egoera horren aurrean borrokatzera ausartzen direnak. Bigarren honen adibide da Isilgabe Ikasle Taldea. Xuban Lizaso, Iker Eizagirre, Aicha Bady eta Aimar Mayo zestoarrak dira kideetako batzuk. Iker, Zestoako Herri Ikastetxean ari da praktikak egiten eta bera izan da taldean sartu den azkena. Gainerako kideak Azpeitiko Urola Ikastolako ikasleak dira. Guztira, hamar lagun inguruk osatzen dute taldea eta besteak azpeitiarrak dira. Jazarpenari nahiz gazteei sufrimendua sorrarazten dieten arazo edota gaiei aurre egiteko sortu zuten proiektua eta, egun, Zestoan ere martxan jartzea aurreikusten dute.
Isilgabe Ikasle Taldea Batxilergoko bigarren mailako hainbat ikaslek eratu zuten, jazarpenarekiko zeukaten kezkatik abiatuta. Nahiz eta ikastetxeak kasu hauen aurrean protokoloak aktibatzeko eta segurtasuna bermatzeko mekanismoak izan, ikusi zuten neurri horiek ez zirela nahikoa egoera horiek pairatzen zituzten ikasleen behar emozional eta sozialak erabat asetzeko.
“Sufrimendua jasaten duten pertsonentzat sozialki onartuta eta babestuta sentitzea funtsezkoa da” azaldu dute. Behar hori inork asetzen ez zuela eta sortu zuten taldea.
Halaber, ohartu ziren gazteek bestelako arazo ugari ere izan ohi dituztela —antsietatea, depresioa edota behar bereziak dituzten ikasleen egoerak, esaterako —, eta egoera horiek ere lantzea aberasgarria izan litekeela.
Xuban Lizasok azaldu duenez, eskolaz kanpo kafe filosofiko baten bueltan, ikaskideen artean jazarpenari buruzko esperientzia pertsonalak partekatu zituzten. “Gogoeta sakona egin genuen hausnartuz nola lagundu genitzakeen hemendik aurrera jazarpena edo beste hainbat egoera sufritzen dituzten ikasleak, guk geuk inoiz jaso ez genuen babesa eskainiz”, adierazi du.
Proiektua modu independentean garatzen dabiltza, baina hasieratik izan dute bai Urola Ikastolaren, bai Azpeitiko Gaztelekuaren babesa eta maiz egiten dituzte bilerak bertan. Bestalde, harreman zuzena dute hainbat psikologo eta bestelako profesionalekin, orientazioa eta aholkularitza jasotzeko helburuarekin.
Espazio segurua helburu
Beraien helburu nagusia jazarpen egoeren aurrean “erantzun zuzen eta eraginkorra” ematea da. Horrez gain, antsietatearen, depresioaren eta behar bereziak dituzten pertsonen inguruko arazoei ere heldu nahi diete, besteak beste.
Gazteen arteko elkartasuna eta ulermena sustatzea dute xede, guztientzat espazio seguru eta irekia sortuz. Bertan, egoera zailak bizi dituzten ikasleek beren esperientziak lasaitasunez partekatu ahal izango dituzte, adin berekoen babesa jasoz. Etengabeko ikaskuntza eta prestakuntza prozesuan murgilduta daude, izan ere, “besteei lagundu ahal izateko, guk ere formatu beharra daukagu, egoera bakoitzaren aurrean erantzun egokia eman ahal izateko”, azpimarratu dute kideek.
Egoera bakoitzari dagokiona
Proiektua, oraingoz, Azpeitiko Urola Ikastolan garatzen ari dira. Besteak beste, ikasleei aukera eskaintzen diete taldeko kideekin banaka hitz egiteko, laguntza behar dutenean.
Azpimarratu dutenez, lantzen dituzten gaiak kontu handiz jorratu beharrekoak dira; horregatik, egoera bakoitzaren aurrean arduraz jokatzen dute eta etengabeko harremana mantentzen dute bai ikastetxearekin, bai profesionalekin. “Kontziente gara gure gaitasunen mugak zein diren, eta, beharrezkoa denean, adituengana jotzen dugu”, adierazi dute. Batik bat, psikologoekin hartu-eman zuzena dutela diote.
Bestalde, bi ostiraletik behin, arratsaldetan, saio irekiak antolatzen dituzte Bigarren hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasle guztientzat. Saio horietan, elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioak eskaintzen dituzte, dinamika desberdinen bidez.
Inguruan jasotako erantzun onak bidea errazten du
Ikastetxeko zuzendaritzaren eta irakasleen aldetik harrera oso ona jaso zuten proiektuaren berri eman eta berehalaxe. Proiektua gelaz gela aurkeztu zuten eta ikasleen erantzuna ere positiboa izan zen: “antolatutako saioetara gerturatzen hasi ziren hasieratik”, azpimarratu dute. Hasierako fasean egoteagatik ere, nabarmena da ikasleen parte-hartzea handitzen ari dela pixkanaka. Lagunartean ere harrera ona izan dute: “asko harrituta agertu ziren, ez baitzuten espero ikasle talde batek horrelako ekimen bat abiatuko zuenik” dio Ikerrek. “Ez da oso ohikoa ikasleek halako proiektu bat martxan jartzea, harridura eta poza eragin zituen horrek”, diote taldekideek.
Eskuartean ekintza bat baino gehiago izanagatik ere, hurrengo urrats esanguratsuenetako bat Zestoan proiektua martxan jartzea izango dela adierazi dute. Horretarako, Zestoako Herri Ikastetxeko eta Guraso Elkarteko ordezkariekin bildu dira, eta Isilgabe aurkeztu diete. “Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleengan jarri dute fokua, horiek baitira datozen urteetan Azpeitiko Urola Ikastolara igaroko direnak”, zehaztu dute. Ikasle asko aldaketaren beldur izaten direla azaldu zieten, eta proiektuko kideekin harremanetan egoteak “segurtasun handiagoa” eskainiko diela nabarmendu zuten. Ikerrek azaldu duenez, “Xubanek eta biok herriko ume asko ezagutzen ditugu, bera entrenatzailea delako eta ni ikastetxean praktiketan bainabil”. Isilgabe Taldeko kideek adierazi dutenez, horrek laguntza handia ematen die gaztetxoei, konfiantza; eta erreferente gisa ikusten dituzte.
Oraindik ez dute zehaztu nola garatuko den Zestoakoa, baina lehen urrats gisa, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin saioak egitea da asmoa. Era berean, gurasoekin saioak antolatzeko asmoa ere badute, “jazarpenaren edo beste egoera batzuen inguruan hausnartzeko eta euren esperientziak partekatzeko, profesional baten laguntzarekin”.
Behar berezien mundu zabalaren inguruan ere aritu nahi dute, baita gaitasun handiko ikasleen inguruko sentsibilizazio lana egin ere. Xubanek, taldeko kideen adostasunarekin, adierazi duenez, “askotan alde batera uzten dugun edo ezkutatzen den gai bat da gaitasun handikoa izatea, eta horri behar duen garrantzia eman nahiko genioke”.
Jende berria esku zabalik hartuko dute
Isilgabe taldean parte hartu edo lagundu nahi duen edonor animatzen dute proiektuarekin bat egitera. Ekimen hau sendotzeko eta zabaltzeko “pertsona gehiago behar” dituzte. Interesa duen edonor zuzenean jar daiteke harremanetan taldearekin, edo Isilgabe izeneko Instagram kontuaren bitartez.
Oihane Goikoetxea Larrañaga
Egin zaitez bazkide