166. Sokatira

Joan zen apirilean ez genion Aztarka honetan inolako arretarik eskaini “Nuarbe, 29 urteko soka” liburuari baina oso liburu ederra da, eta ez dut denbora gehiago pasa nahi hona hitz batzuk ekarri gabe. Berez, Azpeitiko Udalak eta Nuarbeko Sokatira Elkarteak argitaratu dute baina Zestoako herriak ere eskaini du laguntza: Zestoako Udalak eman ditu sos batzuk argitalpenerako baina batez ere Manuel Arregi zestoarrak egin ditu edizio lanak eta –uste dut– neurri handi batean hari esker, gure herriko kirolariek badute tartetxoa liburuan. Esan dezadan, ezer baino lehen, Laxaro Azkune idazle eta kazetariak idatzi duela liburua, Nuarbeko sokatira talde aitzindariaren ibilbidea oinarri hartuta. 100 lagunetik gora elkarrizketatu ditu Azkunek liburua osatzeko, eta besteak beste sokatiran ibilitakoei, masajistei, interpreteei, kazetariei eta bidaia lagunei egin dizkie elkarrizketak.

Laxarok, liburu hau idazten hasi aurretik ere bazituen zenbait gauza idatziak sokatiraren inguruan, eta neuri behintzat atentzioa eman zidan Euskonews&Media argitalpen digitalean, 1999an, argitaratu zuen artikuluak. Sokatiraren jatorriari buruz, anekdota polit hau kontatzen du: “Canadako eskimaletan, bi talde osatzeko ohitura dago, batak udazkena ordezkatzen du, besteak negua. Nork nori irabazten dionaren arabera aurreikusten dute nolako eguraldia izango duten”. Birmaniarrek ere antzeko sinesmena omen dute (Lawyer etnografoa aipatzen du Laxarok): euriaren taldeak eta lehortearenak borrokatzen omen dute batak bestea arrastan eramateko eta herritarrek uste omen dute euria egiten duela talde hezeak lehorra gainditzen duenean.

Bueno, baina hel diezaiogun liburuari. Berrogei urtetik gora pasatu dira Nuarbeko Sokatira Taldeak lehen aldiz lehiaketa ofizial batean parte hartu zuenetik, Agurainen hain zuzen. Orduz gero, Euskal Herrian inoiz ezagutu den Herri Kirol historia harrigarriena burutu zuen Nuarbeko taldeak: mila txapela inguru eta, txundigarriena, 1990eko hamarkada osoan Europan, zein mundu mailan, garaiezina bihurtu zen 560 kiloko pisuan, beste hainbat eta hainbat arrakastaren artean. Hasiera hartatik 29 urtera ordea, 2006an, errelebo falta eta beste hainbat arrazoirengatik, soka zintzilikatu beharrean aurkitu zen Nuarbe taldea. Harrezkero, besteak beste, desio nagusi bat izan dute sokatiralariek: hain aberatsa eta arrakastatsua izan zen kirol ibilbidea eta, oro har, historia liburu batean islatua ikustea.

Mamitsua da liburua baina hemen gure herriko gauzei erreparatuko diegu bakarrik. Zestoa aipatzen denean (55 orr.) Manuelen eskua antzematen dugu Laxarorena baino gehiago (inori meriturik kendu gabe, noski). Zestoan ere tarteka agertu izan omen dela sokatiran aritzeko grina, dio liburuak, eta Juan Jose Saezmiera Maixuak esandakoa dakarkigu, nola izan zen Gurutzeaga frontoi zaharrean Aizarnako eta Zestoako gazteen arteko desafioa 1920ko hamarkadan.

Harrez gero, etengabe izan dira erakustaldiak gure herrian eta horren adibide da nik hona ekarri dudan argazkia, 60ko hamarkada ingurukoa. Akoatarrak desafiorako prestatzen ari dira eta laster atera beharko dituzte indarrak. 40ko hamarkada inguruan jaiotako gazteak dira, eta horiek izango ziren lehenagoko belaunaldien eta Nuarbeko liburuan ageri direnen arteko zubi lana egingo zutenak.

Liburuak dio Arroako talde bat ere ibili zela sokatiran 1970eko hamarkadan, eta txapelketa batzuetan parte hartu zuela, baita “Bai Euskarari” jaialdian ere. Garaitsu horretan –liburua hitzez hitz kopiatzen ari naiz– 1970eko hamarkada amaieran eta 1980ko hamarkada hasieran antolatu ziren herri mailako sokatira-saio nahiko serioak Zestoan. Seguru asko bailarako giroak hauspotuta antolatuko ziren saio haiek. Herriko jaietan udalerriko auzoen artean jokatzen ziren norgehiagokak: Aizarna, Akoa, Arroagoia, Lasao eta Zestoa. Elkarrekin egundoko lehia izaten zuten, 640 kilotan sartuta. Zestoako pilotalekuak ez zuen askotan ezagutuko halako betekadarik. Talde horien artean Akua Taldea nabarmendu behar da. Garai hartan akoatarrak prestatzen ziren hobekien, eta gehienetan antolaketa lanetan ere partaide izaten ziren. Zestoan aritzeaz gain bailarako beste hainbat herri eta auzota ere parte hartu zuten sokatiran akoatarrek. Lasaoko taldeko batzuk Landetako sokatira taldean hasi zirela tiratzen ere, esaten du liburuak, eta Julian Ibarzabal “Badiolegitxo” eta Antonio Arrizabalaga “Larrarzar” aipatzen ditu.

Ikusten den bezala, liburu interesgarria, beraz, kuriositate pixka bat duen jendearentzat. Manuel Arregi jota su zebilela liburuarekin, elkarren arteko mezu elektronikoen joan-etorri dezente izan genuen, eta, halako batean, Nuarbeko sokatira taldea zela eta, bitxikeria bat kontatu nahi zidala idatzi zidan. Nuarbeko Sokatira Museoa bisitatzea gomendatzen didan: “Oso interesgarria duk, gaia gustatu ala ez, xumea, baina polita. Bisita gidatuak ere egiten ditiztek, Azpeitiko Udalean hitzordua hartuta. Bereziki ikasle jendea etortzen omen duk. Merezi dik ikustea, azken batean bailarakoa duk”.

Hala, aurrerago kontatzen dit: “Museo horretan badituk bi objektu Zestoako Laxaro zapatero zenarekin zer ikusia dutenak: sokatirako bota berezi bat eta ikurrina bat. Liburuan aipamena egiten zaiek. Hor bidaltzen ditiat aipamen horiek. Agian, interesatuko zaik”. Eranskinean jarriko dizkizuet aipamenak.

Tira, nik neuk, kirol kontuetan eta kirol zaletasunean eskas samarra izan arren, ikaragarri gozatu dut liburuarekin eta zuei ere biziki gomendatzen dizuet araka dezazuen.

* * *

Laxaro Zestoako zapatagileari buruzko aipamenak liburuan

Jantziak

Hasierako garai haietan nuarbetarrek botarik ez zuten, eta Mutrikuri ere eskatu izan zizkioten, baina haiek ezezkoarekin erantzun zieten.

Orduan, zapata egokiak aukeratu eta Laxaro Zestoako zapatariak prestatu zizkien bota estilora egokituta, azpian ferrak jarri eta zapatari botaren larrua josita. Gero galiziar batek ere moldatu zizkien beste batzuk.

Irtenaldiak. Basileako bidaia

Nuarbetarren ibilbidea asko markatu zuen Basileara 1980an egindako lehen bidaia hark. Han ohartu ziren zer mailatan zegoen Euskal Herriko sokatira. Gerriko beltzarekin eta Zestoako Laxaro zapatariak bota bihurtutako zapatekin joan ziren. Harro joan omen ziren, baina hamalau taldetatik hamabigarren egin zuten. Zeharo txikituta gelditu ziren, eskuak eta gorputz guztia.

Gau hartaz ongi gogoratzen da Andoni Etxezarreta, mutikoa orduan, ongietorrian han inguruan zebilena. Nuarbeko baserri batetik behia eraman zuen urak eta Atzaran aldeko ibaiaren bihurgunean gelditu omen zen. Gau hartan uholdeak izan baitziren. Urte hartan abuztuan zen nonbait kanpoko neurketa.

Ikurrin hura Getxon irabazia zen goma gainean. Beste garaikur guztiekin batera zeukaten gordeta. Paseoa egin kamioian eta Nuarbera erretiratu ziren han afaltzeko, ikurrina kamioian utzita. Handik hartu zuten guardia zibilek.

Joan ziren Beasaingo kuartelera ere ikurrin horren eskaria egitera, nuarbetarrentzat balio sinboliko handia zuela esanez, baina ez zuten berreskuratu. Horren berri jakin zuen Zestoako zapatari fin Laxaro Garatek. Interes handia erakutsi zien eta etorri zitzaien esanez han jartzen zuen testua ematen bazioten egingo ziela halako beste ikurrin bat. Eman zioten testua Laxarori eta Azpeitiko mojatan egin zien, testua ikurrinean brodatuta; hura daukate orain museoan.

Oharra: gai honen inguruan, Manuel Arregik berak idatzi zuen danbolin aldizkarian (2019ko apirila).

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide