Albisteak

2019ko Kobaz Koba Trail lasterketarako izen ematea zabalduko dute asteazkenean

Bihar zabalduko dute 2019ko Kobaz Koba Trail lasterketan parte hartu ahal izateko izen ematea. Goizeko 09:30ean hasiko da, www.kirolprobak.com webgunean. Proba datorren otsailaren 10ean izango da, igandea. Laugarren edizioa izango da aurtengoa eta probako antolatzaileek azaldu dute, lehengo urteko arrakasta ikusita, izen-emateen kupoa betetzea espero dutela. Hori dela eta, zerrenda betetzen bada, kanpoan gelditu diren korrikalarientzat itxaron zerrenda irekiko da.

Aurtengoan ere bi proba izango dira: Artzei bidea (13km) eta Zaldei bidea (25km). Ibilbide osoak “8” baten forma hartzen du, Zestoako herria erdian geratzen delarik. Zestoako lurretan, azken izotz aroan, paleolitoaren amaieran, lehen gizakiak bizi izandako hainbat koba aurkitzen dira, non gizaki haien aztarna material ugari eta labar arte ikusgarria aurkitu diren. Lasterketaren ibilbidea berauetatik igarotzen da, kobaz-koba lehen gizakienak izan zitezkeen bideak jarraituaz.

Hemen duzue IV. Kobaz Koba Trail probaren spota:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide