2021.urteari begira

Amaitzear dagoen   2021. urteari,  gainbegiratu txiki bat egingo diot  eta  hausnarketa txiki bat egin   ondoren  atera  ditudan ondorioak  aipatzea dut  helburu  ondorengo lerro xume hauetan.

Koronabirusaren izurritea  dela eta, urte ezohikoa igaro dugula ezin ukatu, birus honek  eragin zuzena izan duelako gure egunerokoan. Normaltasun gabezi handia  ikusi dut kalean,     muxukoa jantzita eta  segurtasun-tartea gorde   behar izan dugulako.Jende multzoak biltzen zituzten ekintzak ere  debekatu egin dituzte agintariek. 

Aizarna herri txikia izanik, ez dira jende pilaketak hainbeste nabaritzen eta eguneroko bizitza zerbait erlaxatuagoa ikusi dut, naiz eta birus honek ez duen inor  bereizten,  distantziak gorde eta muxukoa jantzi ezean. 

Egia esan, igaro dugun urtea  ez da txantxetakoa izan. Hildakoak ugari izan dira birus honen eraginez, erietxeak gainezka ikusi ditugu,  atzera bota dituzte premiazko ez diren ebakuntzak…Honen eragina, gaixotasuna duenaren sufrimendua luzatzea izan da.

Adituen esanetan, badirudi txertatu ez direnek  gehiago kutsatzen dutela, nahiz eta berauek   argudio honen aurka  idatzi asko kaleratu dituzten, batik bat sare sozialetan. Argudio bat baino gehiago irakurri ditut  ez txertatzeko: halanola, bakoitza librea dela nahi duena egiteko; txertoaren ondorioak ez direla  ezagutzen; eta handiagoa oraindik, txip bat sartzen digutela  ere  irakurri dut, gizaki guztiak kontrolatu nahian.

Bakoitzaren askatasuna ederra da bai, baina argudio honekin, aldamenekoaren osasuna arriskuan jartzen denean, ez du  eskubiderik horretarako. Gizartean bizi garenok arau batzuk bete behar ditugu eta  nire  askatasunaren izenean ezingo nuke aldamenekoaren osasuna arriskuan jarri. Adibidez,  nire askatasunak  ezin du besteek  erabiltzen duten iturri bat kutsatu, ezta nik erretzen dudan zigarroaren kearekin aldamenekoaren birikak kutsatu ere.

Adituen esanetan bakarrik ez, geuk ere garbi ikusi dugu txertoak izan duen onura  gizartea.  Askatasunaren izenean honen aurka joatea, zientziari muzin egitea dela esango nuke. Zientziak eta teknologiak lortu baitituzte gaur egun ditugun aurrerapenak. eta berauei muzin egiteak  nik ez diot zentzurik aurkitzen.

Birusaren aurka   bezala, herri barneko segurtasun  kontua da  aspaldian zegoen eztabaida  Aizarnan. Herriko plazan umeek jolasterakoan zeukaten arriskua zen berau. Jolastoki honek  errepidea alboan du, haurrek ustekabean errepidera irteten dute eta  berau  babestea zen eskaera. 

Niri  herriko plaza ixteak ez ziren batere  graziarik  egiten, batik bat xarma  kenduko ziola pentsatzen nuelako. Zezenen barrerak bezala geldituko zela pentsatzen nuen. Baina gelditu den bezala ikusi eta  lehen zuen xarma berarekin gelditu dela esango nuke. Denetako iritziak egongo dira,  baina nire iritziz nahiko babestuta gelditzen da  haurren jolastokia   eta honekin  eztabaida amaituta gelditzen dela pentsatu nahi  dut.

Aipatu gabe ezin dut utzi abenduak hiru, Azkoitian zendu den Aizarnako kirolari trebea ere. Ereño Zaharreko Felix Peña  da berau,   korrikan  kirolari trebea izandakoa gazte garaian. Lehiaketa askotan hartu zuen parte eta maila polita eman zuen  gainera. Aizarnako jaietan ere ikuskizun politak eskainitakoa da, nik gustura ikusten nuen behintzat. Akats handirik egin gabe  esan nezake nire gazte garaiko  korrikalaririk onena zela Aizarnan. G.B.

Aipatu beharreko zerbait utziko nuen seguruenik, baina luze joan ez dadin hemen  amaituko dut 2021garren urteari egindako azterketa xumea. Eguberri zoriontsuak igaro   eta datorren urtea normaltasunez igaro dezagula, birus madarikatu honek zapuzten ez badigu behintzat.

Jon Egiguren

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide