239. Artasoro arteko etxe zuria

Errelatoaren gerra honetan, mendebaleko gizarteok, nahikoa jan eta edana eta dena eskueran daukagunok, hain maitea dugun errelatoaren jolas-lehia honetan, milaka aldiz egotzi zaio abertzaletasunari, nazionalismoak halako mundu idiliko bat, ametsetakoa, irudikatzen duela: nekazari edo artzain, landa eremua nagusi den Euskal Herri garbi bat, Heidi bizi zeneko mendi haiek bezalakoa. Eta kanpoko idazle askok, nahiz eta nazionalistak ez izan, irudikatu horrela gure herria. Walter Starkie irlandarrak esten zuen, esate baterako, Zumaiatik Azpeitirako paisaiak, hain malenkoniatsua izaki, Eskoziako haranetako paisaia gogorarazten ziola.

Ez dakit iritzi berekoa zen dozena erdi bat urte lehenago argazki hau egin zuen Aguilera jauna. Ez dut uste, eta laster batean azalduko dugu zergatik. Argazkia ez dago edozein moduz egina: bi zati ditu, goia eta behea, eta erdiko etxe zuriak markatzen du zentroa eta hara joaten zaizu segituan begia. Erditik gora natura dago, Baltzola baserria eta Agiro aldea. Argazkilaria bestaldera, Ertxiña aldera, igo da argazkia ateratzera eta handik diren baino handiagoak dirudite mendiok, ia-ia Pirinioetan bageunde bezala, astakeria hori esatea zilegi bazait behintzat. Mendi horiek ez dira, ordea, gizakiak ukitu gabeko horietakoak eta guk badakigu artzainak, ikazkinak eta baso-gizonak maiz ustiatutako eremuak direla. Argazkilariak, ordea, halako iritsiezin ikuspegia eman nahi izan dio, eta horretan asko laguntzen dio kamerak daukan objektibo edo lente bereziak.

Mendiak utzi eta honuntzago dago, berriz, Baltzola, bere soro-zelaiekin: baserritarren lan nekeza irudikatzen duena (zerbaitengatik atentzioa eman dio han mendi gainean egoteak), beste herrialdeetakoekin konparatzeko aitzakia ematen duena (hemen idiak, haietan mandoak…), baserritarren paper garrantzitsua azpimarratzeko balio duena (herrira etortzen diren milaka urzaleei egunero jana eta eskea eman ahal izateko)…

Argazkiaren behe aldean, berriz, teknika eta industria dago, eta gure argazkilariak egundoko garrantzia eman dio horri ere. Orduantxe ari ziren trenbidea egiten (1925. urte ingurukoa da argazkia) eta Urola igarotzen duen zubi bikaina ikusten da, gizakiaren eta aurrerapenaren seinale. Geltokia eraikitzen ari dira artean, eta bere ondoan, hantxe, orduan gaur egun bezala, Etxetxiki.

Argazkiaren beheko planoa industriak hartzen du, industria beltzak, ondoko errepide ditiratsuarekin konparatuz. Artzubiagako errota daukagu barren-barrenean, baita Zubizarretik errotara iristen den kanala ere (ederki ikusten da nola pasatzen den trenbidearen azpitik). Errotaz gain, aroztegia ere izan zen han, herriko askok gogoratuko duten bezala. Bide batez esango dut oso errota antzinakoa eta garrantzitsua zela hori. Historian zehar Granada de Ega dukeak edo Iraetako jaunak eta Zestoako herriak erdibana zeukaten. Noski, Balizko Arkeologia Gunea da, eta hemendik abisatzen dut hor ez dagoela lurrik mugitzerik jarraipen arkeologikorik gabe; badaezpada ere, esaten dut, hemen, horrelako gauzetan lotsagabea nagusi izaten da eta.

Bada, horixe, barrenean errota. Haren kontra, berriz, fundizioa (Zuazok hor zuen lantegia, besteak beste) eta lehenago kanamuaren eta lihoaren industria (hor egiten ziren, besteak beste, iraulika garraiatzeko zakuak). Lantegiaren kontra etxea eta biltegiak ere ikus daitezke. Lehen aipatu dugun errepideak berriz, ez ditu izango hamar urte dena zabaldu eta berritu zutenetik. Hortxe ikusten da, ondo asko, nondik pasatzen zen eta zein ibaiaren kontratik errepidea, eta geroago ikusiko zen zer nolako arriskua zeukan uholde garaietan. Francoren zerbitzari fin bati esker lortu zuen Zestoak 1950eko hamarkada erdi aldean bariantea egitea baina erdaraz esan ohi den bezala “a caballo regalado no le mires los dientes”, alegia (Gotzon Garateri ez diot oraingoan ganorazko baliokiderik aurkitu), “debaldeko manduei etxako agiñetara begiratu bier”. Bai, irakurle, Fernando Suarez de Tangilek, Vallellanoko kondeak, “oparitu” zigun bariatearen “mandoa” eta ez diezazkiogun hortzak arakatu.

Eta azkenerako utzi dut erdiko etxe zuria. Aguilerak ez bazekien ere, hortxe dago argazkiaren gakoa. Ez gara idilikoak, tolesdurarik gabekoak. Natura eta mendia maite ditugu baina industria ere behar dugu. Eta horixe adierazten du bikain-bikain gure argazkilariak. Lizardi handiak zioen bezala, “Mendi, baserri zaharrak / ale gorriz / abailduta sagarrak / oro laino / mehe batek estalia, / urrez oro / eguzkiak jantzia… Oi, ene lur, / baninduzu zerea, / zu landu, ta / zure sariz asea!… / Bainan… ezin: / beheko behar goriak / narama… Agur /soro, sagar, mendiak!…”. Natura maite dugu, bai, baina “behar goria”, hau da, industria behar dugu nahitaez.

Beste hitz batzuekin esanda, natura maite dugu baina geure kontraesanekin. Eta gure kontraesanen adierazgarri da artasoro arteko etxe zuria. Gamoneda poeta zoragarriak azaltzen du inork baino hobekien kontraesan hori. bera ume txikia zeneko oroitzapen bat kontatzen du. Ez dut Gamoneda itzuliko, iraina litzateke eta: “Eran tiempos atravesados por los símbolos. Tuve un cordero negro. He olvidado su mirada y su nombre. Al confluir cerca de mi casa, las sebes [hesiak] definían sendas que, entrecruzándose sin conducir a ninguna parte, cerraban minúsculos praderíos a los que yo acudía con mi cordero. Jugaba a extraviarme en el pequeño laberinto, pero sólo hasta que el silencio hacía brotar el temor como una gusanera dentro de mi vientre. Sucedía una y otra vez; yo sabía que el miedo iba a entrar en mí, pero yo iba a las praderas. Finalmente, el cordero fue enviado a la carnicería, y yo aprendí que quienes me amaban también podían decidir sobre la administración de la muerte.” (Antonio Gamoneda, Lápidas; Abada, 2006).

Bai, horko etxe zuri idiliko hori, “artasoro artean, ni” esaten ariko balitz bezala, herriko hiltegia da eta “azkenean, arkumea harategira bidali zuten, eta nik ikasi nuen maite nindutenek ere erabaki zezaketela heriotzaren administrazioari buruz”. Natura-industria, bizitza naturala – heriotza jartzen ditu bidegurutzean argazkiak. Ez gaitezen, ordea, transzendentalegiak jarri.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide