Abian da Errigoraren aurtengo Eskutik Eskura kanpaina

Urtero bezala, Errigorak abian du Eskutik Eskura kanpaina, aurten “Beste modura, denona da onura” lelopean. Lelo horrekin ditugun kontsumo ohituretan jarri nahi izan dute azpimarra, izan ere, egungo elikadura sistema merkatuaren menpe dago, baina kontsumitzaileon erabakiek horri buelta ematen lagun dezakete.

Errigoraren kanpaina honekin bat eginda, gutxi batzuen irabaziak elikatu ordez, denon mesedera jokatuko duen alternatiba bat elikatuko dugu, elikadura burujabetza, hain zuzen ere. Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak jatorrizko prezioan eskuratzea ahalbidetzen digu, betiere, ekoizleei prezio duina ordainduta. Bide batez, despentsa urte osorako eta kalitatezko elikagaiz betetzeko modua dugu.

ESKAERAK EGITEKO EPEA
Eskaerak egiteko epea gaurtik hasi eta hilaren 26ra bitartekoa izango da. Online egin daitezke, modu errazean, errigora.eus atarian.
NOIZ JASO
Eguna guztiz zehaztuta ez badago ere, produktuak maiatzaren hasierarako Zestoan izango dira. Aurrerago eskatzaileoi informazio zehatza helaraziko dizuegu, lekua, eguna eta ordua zehaztuta.
ORDAINKETA
Azken edizioetan bezala, ordainketa online egiteko aukera dago. Gainera, modu horretan egiteko eskatu nahi dizuegu eskatzaileei, diru-kopuru handiekin ibili beharrik izan ez dezagun. Bestalde, gogoan izan 150€tik gorako ordainketak bi epetan egin daitezkeela.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide