Albisteak
[ELKARRIZKETA] Argiolaren Aizarna eta Arroabeko proiektuak argia ikustear
— 2025-03-12
Bi urte bete dira otsaila amaieran Argiola proiektua jendaurrean aurkeztu zela.
Ibilbide honetan zehar hainbat hitzaldi, tailer eta ekintza antolatu ditu taldeak. Iaz, pausu handiagoak emate bidean, Arroabean eta Aizarnan fotovoltaikoen instalazioak jartzeko proiektuak landu zituzten. Instalazioak prest, proiektuak argia ikustear daude, eta Izaskun Larrañaga eta Aitana Etxeberria, kooperatibako kideekin elkartu gara azken berriak jakiteko.
Bi urte pasa dira Argiola aurkeztu zenutenetik. Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?
Izaskun: Hasieran bagenituen gure kezkak, baina gero pausuak ematen hasi ginen poliki-poliki. Euskal Herrian energia komunitate asko ari dira sortzen eta besteen martxa ere gurearen antzekoa da. Aurrera goaz eta emaitzen garaira iristen ari gara eta horrek ilusioa ematen du.
Aitana: Kooperatiba eratzerako prozesua eta proiektuen zehaztapen tekniko nahiz ekonomikoak erabakitzeko momentua ditut nik gogoan momentu kritikoenak bezala, orain ordea, pozik gaude egindako lanarekin. Guretzat ere zerbait berria da, baina talde anitza gara eta hori aberasgarria da, bakoitzak berea ematen du eta denon artean aurrera egitea lortu dugu.
Argi utzi nahi duzue borondatezko taldea zaretela.
A: Hori da, ez dago inongo helburu ekonomikorik. Zestoan horrelako komunitate bat edukitzea positiboa dela iruditzen zaigu eta konbentzimendu horretatik egiten dugu lan.
I: Ateak irekita daude. Ez dago aditua izan beharrik, denborarekin ari gara ikasten denok, gustura hartuko dugu jende berria.
Emaitzak badatoz eta horrek ere indarra emango du.
I: Energia komunitate guztiek bilakaera antzekoa izaten dute; hasieran, komunitatea eratu, horretarako diru kopuru bat behar da, erregistratu… Behin kontu horiek eginda, gauza txikiekin hasten zara: hitzaldi edo tailerrak… Baina iristen da momentu bat, non proiektu potoloagoetan sartu behar den pausu sendoagoa emateko. Guk fotovoltaikoekin ikusten genuen bazegoela aukera, dirulaguntzak ere hortik etorriko zirela uste genuen, eta hortik egin genuen apustua. Ikusten duzuenean, bagoazela aurrera, herritarren partetik ere erantzuna ona dela, dirulaguntza onartu egin digutela, Koop 57rekin mailegu bat lotu dugula, udalarekin teilatuak erabiltzeko hitzarmena sinatu dugula… orduan gora etortzen zara. Eta era berean, bertigoa ere sartzen zaizu. Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak proiektuak egin eta komunitatea kudeatzeko 77.000 euroko dirulaguntza eman digu, gauza serioa da, ez da hitzaldi bat antolatzea. Dirulaguntzek epeak dakartzate eta horiek betetzen ari gara.
Orain zenbat bazkide zarete?
A: Momentu honetan Argiolak 159 bazkide ditu eta horietatik 58 bazkidek Arroabea eta Aizarnako proiektuetan hartuko dute parte. Argiolako bazkide izateko eskaera-orri bat bete eta 10 euroko ordainketa egin behar dira, gure plataformatik egin daiteke.
Zein dira proiektuetan parte hartzeko baldintzak?
A: Proiektuetan parte hartzeko beharrezkoa da Argiolako bazkide izatea. Argiolako bazkide izateak ordea, ez du esan nahi proiektuetan parte hartu behar duzunik, hori hautazkoa da. Arroabeko eta Aizarnako proiektuetan parte hartzeko egin beharreko ekarpena bazkide bakoitzari dagokion potentziaren araberakoa da eta potentzia hori, bazkide bakoitzak duen kontsumoa aztertu ondoren zehazten dugu. 0,5 kW-ko potentzia duenak, 500 euroko ekarpena egin beharko du eta 1 kW-ko potentzia duenak, berriz, 1000 euroko ekarpena. Beste potentzia bat esleitzea posible da eta egin beharreko ekarpena proportzio horretan kalkulatuko da. Behin instalazioa martxan hasten denean, erabiltzaileak autokontsumitutako energia bere ohiko fakturatik deskontatuko da eta Argiolari urte amaieran ordaindu beharreko kuota izandako aurrezkien %50a izango da, gutxi gorabehera. Kuota horietatik jasotako dirua proiektuen gastuei aurre egiteko erabiliko da, hala nola; instalazioen mantentze-lanak eta kooperatibaren kudeaketa zerbitzua ordaintzeko.
Erabiltzaileek egindako hasierako ekarpena proiektuak finantzatzeko erabili dugu, baina diru hori aipatutako dirulaguntzetatik berreskuratuko dugu laster. Izan ere, diru ekarpen horrek erabiltzaileak kooperatiban duten kapitala handitzeko balio du, eta egunen batean proiektua utzi nahiko balu, diru hori berreskuratzeko aukera izango luke, momentu horretan kooperatibak nahikoa gaitasun ekonomiko baldin badu behintzat.
I: Erabakiak aurrera begira alda daitezke, hau komunitate bat da, kooperatiba bat, eta batzarretan hartuko dira erabakiak. Bazkide den edonork izango du boto eskubidea.
Zein fasetan daude proiektuak?
A: Arroabeko instalazioa bukatuta dago, Iberdrolak instalazioari azken onarpena ematea falta da, dokumentazio kontuak, eta behin hori pasata, sorkuntza kontagailua jarriko dute, instalazioa konektatuko dugu eta listo. Aizarnako instalazioa datozen egunotan amaitzea aurreikusten da, gero Iberdrolak ontzat eman beharko du eta sorkuntza kontagailua jarri.
I: Instalazioak martxan jartzerako, parte hartuko duten erabiltzaileei formazio saioak eskainiko zaizkie tramiteak nola egin eta autokontsumoari zuku gehien ateratzeko aholkuekin. Arroabean martxoaren 27an izango da eta Aizarnan apirilean.
Aukerarik izango dute arroar eta aizarnarrek aurrerago proiektura batzeko?
I: Bai, noski, hor dagoen baldintza bakarra da instalazioetatik bi kilometroko erradioaren barruan egon behar dela.
A: Behin proiektuak martxan daudenean, jende gehiagok proiektuetara batzeko aukera izateko helburuarekin instalazioen potentziak pixka bat sobredimentsionatu ditugu.
I: Ez dugu ahaztu behar, bi kilometro horien barruan, esaterako, Arroabeko instalazioan, Narrondo eta Ibañarrieta ere sartzen direla, eta Aizarnakoan, Akoako jendea ere badago. Horrek ere aukera zabaldu egiten du.
2025ari begira zer duzue esku artean?
I: Argi dugu Zestoan dugula potentzial handiena, bazkidetzari begiratuta bakarrik, argi ikusten da gehienak herrigunekoak direla. Ondorioz, garbi dugu hurrengo pausua Zestoako proiektua martxan jartzea izango dela. Bere garaian hainbat teilatu publikoen inguruko azterlana egin genuen eta teilatuen potentzialen estimazioak baditugu. Aukerak aztertzeko udalarekin ere elkartu beharko dugu eta teilatu egokiren bat balego, udalarekin hitzarmen berri bat sinatu beharko litzateke.
A: Eskolako teilatua egutera da eta beraz, egokia izan daiteke, baina ikusi behar da zein den teilatu horren egoera, izan ere hemendik hamar urtera teilatua berritzeko aurreikuspenen bat badago, ez dauka zentzurik 25 urtean martxan egongo den proiektu bat bertan jartzeak. Berdina gertatzen da garai berdintsukoa den kultur etxeko eraikinarekin ere, teilatu zahartxoak dira eta. Iraetako futbol zelaiko teilatua edo estazioko industrialdeko brigadaren lokaleko teilatua ere beste aukera bat izan daitezke. Ea laster zerbait gehiago aurreratzeko moduan garen.
Egin zaitez bazkide