298. Festak

Bero sargoria, oso. Lanerako gogorik ez eta artxibotik tiratzea erabaki dut. Festak. Aurtengo egun berdinetan izan ziren festak 2006an ere, lerro hauek idazten dituen honek egitarau xelebre hura argitaratu zuenean. Irudi gutxi-gutxi eta zuri-beltzean; testua, literatura, nagusi. Eman zuen zeresana.

Bada handik ateratako testuak ekarri ditut hona, bere hartan, ukitu txiki batzuk besterik izan ezik. Bakoitzak aterako ditu bere ondorioak, zenbateko aldaketa izan den ala ez ia hogei urte hauetan.

* * *

Guk ere, festetako xehetasun txikiei, konturatu gabe pasatzen diren gauza txikiei, erreparatuko diegu egitarau honetan eta horretarako idatzizko munduaz baliatuko gara. Zestoako festa egitarautan oso gutxi aztertutako eremua da-eta idazlana, alegia, ez da ohiko mugak zeharkatzeko ahalegin askorik egin. Bide horretan egindako saiakera xume bat besterik ez duzu eskuartean daukazun egitaraua.

* * *

Beno, Zestoako Amabirjinak egitaraua irakurtzen hastera zoaz. “Erlaxatu zaitez, kontzentratu. Baztertu burutik gainontzeko ideia guztiak. Utzi desagertzen zure inguruko munduari. Atea, hobe ixten baduzu; bestaldean, beti dago telebista piztuta” (Italo Calvino).

* * *

Edadetuak omenduz hasi eta gaztetxoek amaituko dituzte aurtengo festak. Omenduak Maria Lizaso Errasti eta Roberto Bergara Goenaga. Mariak 95 urte, Robertok 90. Sei zestoar daude Maria baino zaharragoak (horietako bi ehun urtetik gorakoak); Roberto baino zaharragoak, berriz, 16, baina gizonezkoak hiru bakarrik.

Gaurko gizartean, adineko jendea bazterturik bizi den honetan, betiko gaztetasunaren mitoaren jarraitzaile sutsuak bihurtu garen honetan, zer daukagu eskertzeko Maria eta Robertori? Anjel Lertxundiren galdera batean dagoela uste dut erantzuna: “Zerk edertzen du bizitza eman eta eskaini eta oparitu duzunak baino?”. Eta galdetzen diot neure buruari: izan al gintezke ezer gure aurrekoek eman eta eskaini eta oparitu digutena gabe?

* * *

Irailaren 7a txupinazoaren eguna da. Gogoan edukitzekoa da nola egoten ziren garai batean suziriak, Udaletxeko ganbaran, mahai gainean zabalduta, inguruan berogailu elektrikoak zituztela, txupinazoa behar den bezalakoa izan zedin. Irailaren 7a, Salbearen eguna ere bada, eta duela urte batzuk galdu zen udal agintarien prozesioarena ere bai: erakunde ez-konfesional bati ez omen dagokio-eta erlijio bat edo bestearenganako atxikimendurik adieraztea.

* * *

Eta bezperaren ondoren, eguna dator. Amabirjina egunean, eleganteenek trajea eta gorbata janzten dute, zorrozki, meza nagusira joateko. Ohitura laudagarria da nahiz eta gero eta gutxiago erabiltzen den janzkera klase hori herri txikietan. Amerikarren eraginez izango ote da? Duela urte batzuk, Euskadiko Gazte Orkestra Arozena hotelean zegoela, kontzertu bat eskaini zuten han bertan. Besteak beste, Frank Gehry arkitektoa, alegia, Bilboko Guggenheim museoaren egilea, hurbildu zen hara; trajea zeraman, bai, bai baina gorbatatik gabe eta kiroletako zapatilekin. Pentsaezinezko janzkera Amabirjinetako eleganteentzat.

Amabirjina egunean festetako lehenengo diana joko da. Pena ematen dit hain jende gutxi ikustea Erdikalean txistulariak ari direnean. Han eskaintzen duten “kontzertutxoak” merezi du-eta entzutea. Barojari ere deigarria egin zitzaion momentu hura eta idatzita utzi zuen. Begi grisekin esnatu omen zen egun hartan goiza, eta hara eta hona begira hasi omen zen: zubi ugarietara, bideetara, ur-jauzietara, baserri alaitsuetara, sagardi berdeetara, mendietara… eta Zestoa ikusi zuenean, goragune batean jarria, etxeak irtirinki erakutsiz, goizak irribarre egin omen zuen eta bere irribarrea eguneko lehen izpia izan omen zen, txistua eta danbolinaren soinu alaia festaren lehen notak ziren bezala.

* * *

Era desberdinean bizi izaten du festa pertsona bakoitzak eta, ondorioz, Amabirjinei buruzko aipamenak ere anitzak dira: Klasikoetatik hasita, Uztapide etorriko zaigu burura lehendabizi:

Lendabiziko zezenak eta

ondoren pelotariak,

eta oieri begira beti

gozatzen dira begiak;

gero gabian berandu arte

alako erromeriak,

erretirarik egin ezinda

atzenian komeriak.

Honen antza dute Olalderen bertsoek ere. Bertso horiek Juan Karlos Irizarrek konposatutako Zestoako Amabirjinak zortzikoarentzat eginak dira. 1995Eko irailaren 8an jo zen lehen aldiz, eta harrezkero ia urtero entzuten da. Inor gutxi ausartzen da, ordea, bertsoak kantatzera:

Zestoa eta zestoar

Amabirjin zale,

plaza nagusi eta

inguruko kale.

Zenbat taberna, txoko,

hainbeste portale,

zenbat alditan jendez

estaliak gaude,

festa eta jai giro

onaren seinale.

 

Amabirjinak dira

zestoarrentzat hunkigarriak,

nabari du herriak

daudela gauz berriak,

ukuilu eta barrerak

jarri ohi dira zezenentzat.

Festa leku aparta

ondo pasa nahi dutenentzat.

Zezen eta musika

martxa polita bada behintzat,

ez geure direlako

baina dauzkagu berezitzat.

 

Dultzaineruak goiz-goiz

herriko kaleetan barna…

Elizan kanpai bueltak

adierazten, zerbait bada.

Herriko agintariak

prozesioan mezetara…

Ondoren kontzertua

eta goiza badoa jada…

Trago bat hartu eta

bazkaritako garaia da.

 

Amabirjinak dira

zestoarrontzat hunkigarriak;

nabari du herriak

daudela gauz berriak.

Ukuilu eta barrerak

jarri ohi dira zezenentzat…

Festa leku aparta

gozatu nahi duenarentzat.

 

Arratsaldez zezenak,

plaza beteta goitik behera.

Pilota partiduak,

eta zerbait gehiago ere bai.

Ene Amabirjinak!

Zuen desioz aurkitzen gera…

Ospatu eta berriz

noiz itzuliko… zain.

Oso bestelako tonua du Pio Barojak, Zestoan mediku zegoela, La Voz de Guipuzcoan idatzitako artikuluak. Prozesioa iritsi da elizara eta…

“Hasi da funtzioa, Azpeitiko organo-joleak ondo jo du Mercadent-en meza eta kantoreak portatu egin dira. Tartean, ezkontzeko ideia harrigarria duten bi gazteren ezkondeiak egin dira eta eliztar samalda gerra-gogo biziarekin irteten ari da oilaskoei, urdaiazpikoei, edo beste antzeko lumajeko “txoriei” lehen bataila eskaintzera; eta kontrarioa menperatu ondoren, eta azken lubakietara ihesarazi eta gero, ospe-egarria beste egarri klase bat bihurtzen da, eta Bako jainkoak irribarre beatifikoa egiten du Olinpotik. Gero plaza berrira… berria XV. Mendekoa izango ez balitz, ea Azpeitiko mutilek nola dantzatzen duten ikustera eta, ondoren, nola jolasten duten zezenarekin gure toreatzaileek, eta nola ugaritzen dituzten han Ameriketan irabazitako sariak, ez dakigu Madrileko Ameriketan edo Kolonek deskubritutakoetan. (…) Eta ilundu zuen; gauak oihal bat zabaldu zuen bataila-gunean, mundu guztia sakabanatu egin zen, eta ausartenek plazaren erdian, suaren argira, dantzatzen zuten bitartean, besteak etxerantz abiatzen ziren, eta izarrak ehunka agertu ziren; airean zortzikoen doinuak zebiltzan, dardarakor eta balantzaka, alkoholez beteta, mendi-zuloek errepikatu egiten zituztelarik”.

* * *

Arratsaldeko bost eta erdiak aldera, Anparito joko du bandak. Banda Erdikalean jarri eta zuzendariak batuta altxatzen duenean, isil-isilik geratuko da jendea. Eta lehen notekin batera izugarrizko txalo zaparrada nagusituko da. Lastima Amparito Roca inoiz ez gonbidatu izana “ikuskizun” hori bizitzera. Anparito 1912an jaio zen Valentziako herri batean eta berari eskaini zion pasodoblea Jaime Texidor konpositoreak. Garai hartan Anparok hamabi urte zituen eta Maria Texidorren laguna zen, alegia, musikariaren alabaren laguna. Anparo pianoa ikastera joaten zen haien etxera eta maisuak asko estimatzen zuenez, neskaren izena jarri zion pasodobleari. Anparito Roca 1925ean estreinatua izan zen.

Zestoara noiz iritsi zen eta halako arrakasta nora lortu zuen jakitea zaila da baina mereziko luke pixka bat ikertzea. Jaime Texidor Barakaldoko bandako zuzendari izan zen 1928az geroztik, eta oso litekeena da hari mutur horretatik tiraz gero zerbait jakitea. Dena den, hirurogeitaka urte dira Amparito Roca pasodoblea ezagutzen dela Zestoan.

Baina umeak ditugu ate joka eta horiek nahiago dituzte zezentxoak eta poniak, pailazoak eta, batez ere, festa egitarauetako protagonista ahaztuak izaten diren barrakak, tiobiboak, autotxokeak…

* * *

Gero eta zailagoa da gazte asko ikustea egunez festetan, Jende gutxik hartuko du parte Amabirjina eguneko goizeko ikuskizunetan, dena emango dute irailaren 9ko paella lehiaketan eta erabat desagertuko dira irailaren 10eko goizean. Ilunabar aldera, ordea, prepara-prepara eginda kalera aterako dira denak. “Erdi 1o egoten dira egun osoan, apenas mugitzen diren gauera arte. Gero edaten hasten dira. Eta horrela jarraitzen dute, edan eta edan. Gero ohean sartzen dira eta loaldian murgiltzen dira berriro. Modu horretan laburbildu daiteke gazte festazale baten ohiko eguna”. Desmond Morris ez da gazte festazaleez ari. Tranpa txiki bat egin dugu: “edaten” jarri dugun tokian “jaten” esaten du Morrisek; “edan eta edan”-en ordez, “jan eta jan”; “ohean sartzen” esan beharrean “zuhaitz adarretan kokatzen”; eta “gazte festazale”-ren ordez, “koala” jartzen du berak. Koala?

Bai, Australian bizi diren peluxezko hartz moduko animali horietaz ari da Desmond Morris. Baina ikusten denez, bizimodua ez da hain desberdina. Bromak alde batera utzita, neurri handi batean gauaren esklabo bihurtu gara. Beste batzuk, aldiz, egunaren esklabo dira eta ezin dute onartu gaueko bizimodua. (Azken atal hau, Iñaki Azkunek festa egitarauan argitaratutako “Esklaboak Zestoan?” artikuluaren aitzakian idatzitakoa da.

Argazkia: Puzgarriak. 2006ko festa egitarauaren azaleko argazkia.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide