300. Anaia txikia

Madrilen ibili naiz oporretako azken egunetan. Garestiak oso ostatuak Pilarika egun horietan, eta gazteleraz esaten den bezala “haciendo de la necesidad virtud” Alcalá de Henaresen jarri nuen kanpamentu nagusia. Bazebilen jendea, bai alajaina, Madril aldean!

Atzo, berriz, El País-en: “Four Seasons-ek bere marka hautsi du Madrilen, gaueko 1.000 euro inguru eskuratuta. Luxuzko kateak hiriburuko bost izarretako hoteletan gaua igarotzeagatik urteko batez bestekoa bikoizten du. Four Seasons-ek tarifen errekorra hautsi du Madrilen, eta Ritz, Santo Mauro eta Rosewood-ekin borrokatu du bere bizitzako hirugarren urtean, hotelik garestiena izateagatik”.

Ni neu Alcalan, askoz ostatu arruntagoan egonagatik, ibili nintzen delako Four Seasons horren ingurumarian ere, hori bai, kanpotik eta urrutitik begira, ezer –hotela, aparkalekua, luxuzko merkataritza-gunea ukitu ere egin gabe. Alcalá eta Sevillak “Y” forma hartzen duten eremu triangeluarrean dago hoteltzarra, Puerta del Sol-etik oso hurbil.

Eraikina ez da oraingoxea. Ameriketako Estatu Batuetako aseguruen konpainia batek eskuratu omen zuen lurra 1886an, han sukurtsal bat jartzeko asmotan. Eraikin izugarri bat egin zen han 1887-1891). Bi solairuko basamentu bat, arku handikoa, eta gorantz elefante-buruek eusten dieten balkoi jarraituak, kobrezko eta budinazko dorre/ begiratoki bikain bat, hiri-paisaian asko nabarmentzen den erraboil formako kupula lirain batez errematatua. Brontzezko talde eskultorikoa gordetzeko horma-hobi bat ere jarri zuten, “Zurztasuna eta alarguntasuna babestea” zeritzana (emagin erromatar bat haur bat eta ama bat bere magalean jaioberri batekin babesten irudikatzen zuen eskultura). Horma-hobiaren gainean, brontzezko markodun kartela granito gorrizko bat jarri zen, «La Equitativa de los Estados Unidos MDCCCLIX” errotuluarekin. Emaitza eklektizismo akademikoaren erakusgarri bikaina izan zen, modernismoa iragartzen zuen material berrien erabilera maisuarekin. (Hori dena wikipediatik hartu dut).

Bueno, eta honez gero irakurleak galdetu dio bere buruari zertara datorren Aztarkaren egile honen oporrak aipatu beharra eta Four Seasons, Equitativa eta beste eruditokeria horiek azaldu beharra.

Bada kontua da, nolabait irudikatzeko, lehen aipatu eraikinak baduela zer ikustekorik gure herriarekin, hain zuzen ere, Equitativa eta gure bainuetxea anaiak –edo hobeto esanda, anai-arrebak– direlako. Izan ere, biak ala biak José Grases Riera (1850-1919) arkitekto kataluniarrak eraiki baitzituen, beste hainbat goi mailako artelanen artean.

Grases, hain ezaguna ez izan arren, nahiko arkitekto garrantzitsua izan zen. Madrilgo Arkitektura Goi Eskolan eta Bartzelonako Arkitektura Eskola Probintzialean ikasi zuen. Titulua lortu eta gutxira, Madrilera joan zen, eta estilo eklektikoko lan batzuekin ekin zion bere ibilbide profesionalari, adibidez, La Equitativa-ri buruz aipatu duguna, Serrano kaleko izkinan dagoen etxebizitza-eraikin bat, Lirico antzokia (gaur egun Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoitza). Halaber, (wikipedia jarraitzen ari naiz) hiriko hirigintza arazoez arduratu zen. Madrilen egin zen eraikin modernista bakanetako baten sortzailea ere izan zen, Longoria jauregia, SGAEren egoitza. Grases Rieraren beste alderdi bat mausoleoak eta monumentu handiak proiektatzea izan zen, hala nola Canovas del Castillori eskainitakoa edo Alfontso XII.aren monumentua Retiroko parkean eta beste batzuk.

Baina guretzat inportanteena da Etxaidetarrek, hain zuzen, Zestoako Bainuetxearen jabeak, hain arkitekto garrantzitsua aukeratu izana gure gune termalean eraikin handi eta ikusgarria eraikitzeko. Artean hemen inguruetan ez zen –Loiola kenduta; desde luego Azpeitian ezta pentsatu ere– horrelako luxu eta berrikuntzarik. Jakina, kanpo aldea xumea du eta, jangela zoragarriak kenduta, barrua ere hala izango zuen, baina estatu osoan erreferentzia izateko jaio zela ez dago zalantzarik.

Jakina, gaur egun ezin dira konparatu Four Seasons, gaua mila euro kostatzen den hori, eta gure bainuetxe “ziztrina”, baina garai batean –XX. mendeko lehen bi hamarkadaz ari naiz– bai lasai asko. Ez zen etorriko Amalio Gimeno Cabañas konde jauna (1852-1936), ezta beste makina bat ministro eta gorte-gizon-emakume ere, Zestoako bainuetxea ez bazen egon Madrilgo hiriburuan usatzen ziren estandarretatik oso hurbil.

Bueno, utz ditzagun konparazioak. Ez dugu behar Four Seasons-ik (edo bai?) gure herrian baina poztuko ginateke gure bainuetxeak, luxuzko horren anai txikiak, zertxobait glamur gehixeago balu. Baina orduan ere ez zen gauza bera Estatu Batuetako dirudunen eta herri txikietako burgesiaren ahalmen ekonomikoa, gaur egun berdina ez den bezala Bill Gates eta Al-Waleed bin Tatal saudi printzearen ahalmena eta Relais Termal-en ahalmena, nahiz eta azken hau izan “Espainiako bainuetxeen kate nagusia”. Tira, hemen utziko dugu.

 

Argazkia: La Equitativa eraikina, 2022ko apirilaren 6an. Egilea: Vicente Dávila

 

Post-data: Artikulu xume eta asko landu gabe honekin iritsi gara 300. zenbakira. Ia 8 urte Aztarka hauek egiten. Gustura egiten ditut eta, ondorioz, gustuko lekuan aldaparik ez. Are eta gustuago, herritarrek, tarteka-tarteka, “segi idazten” esaten didatenean. Esker mila hor zaudetenoi, eta aurrerantzean ere elkarren berri izango dugula uste dut.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide