310. Erdikalea, kolore-kolore

Erdikaleari beti aurkitu izan zaio zerbait berezia eta oso ikuspegi kuttuna izan da argazkilari zein margolarientzat. Pili Alkortak egun euritsu baten melankolia margotu zuen; Lajoiek, berriz (Aztarka, 251. Erdikalearen xarma) ukitu pintoresko eta koloretsua eman zion gure kale maiteari; postal zahar batean, gizon brusadunak tradizioa ekartzen zigun gogora; trajea eta gorbata jantzita Indalezio Ojangurenek harrapatu zituen gizon haiek, berriz, berrikuntza…

Hona dakargun argazkiak –beste lau anai-arreba baditu eta erakutsiko ditugu haiek ere hurrengo batean– segituan eramaten gaitu ongizate-estatuaren garaietara. Jada ez gaude zuri-beltzezko garaietan, Francori esker den-dena –herri-lanak, ekonomia…– zoragarri doa (ironiatxo bat zen, irakurle). Eta hori gutxi balitz, festetan gaude. Zer gehiago behar dugu?

Argazkilariak badaki ondo nola atera etekina eszenari. Alegiazko hiru zutabe markatzen ditu: kalearen ezkerraldea, erdiko zutabea elizatik Txokoraino (biak barne), eta Uztapide eta harategi aldea. Horizontalki, berriz, argazkiaren erdi inguruan, jende multzoa. Dinamismoa transmititzen du multzo horrek: batzuk kalean gora doaz, beste batzuk hizketan daude, eta behera doazen horiek dira argazkilariaren kuadrillakoak, turistak. Zaila egiten zait jendea ezagutzea, bat izan ezik: Rosendo Rodriguez, elegante asko jantzita. Egia esan, denak doaz ondo jantzita, jai eguna izango da eta seguruenik; hor ez dago galtza bakerorik, kamisetarik, are gutxiago gaur egun, espezie inbasoreen antzera, nagusitu diren zapatilarik. Arropa formala da dena.

Koloretako argazkigintza herri xehearengana zabaldu zen garaiak dira, dena dago koloreztatua garaiko patina berezi harekin.

Zaila da argazkia zein urtetan atera ote zen jakitea baina bi elementuk behintzat adierazten digute post quem eta ante quem delakoa. Txoko tabernako “Cervezas El León” da mugarri posible bat. Txoko askoz lehenagotik martxan bazegoen ere, zerbeza marka horren jaiotza urtea ezaguna da: 1965ean sortu zuten Juan eta Teodoro Kutz anaiek. Fabrika Donostiako Benta Berrin zuten. Hirurogeiko hamarkadan, El León garagardoa izan zen ezagunena Donostian, handik gutxira Keler marka sortu zen arte. Horrela bada, argazkia 1965a baino geroagokoa izan behar du.

Ante quem, berriz, 1975a da, alegia Franco hil zen urtea. Udaletxeko balkoiari erreparatzen badiogu, Espainiako banderaz estalita dago; zaila da diktadorea hil eta gero, alegia, 1976ko amabirjinetan bandera haiek aireztatzera ateratzea. Senak esaten digu 1973 inguruko argazkia izan litekeela.

Herria oparo zegoen urte haietan: hiru hilabetean 6.000 turista baino gehiago, 2.000 biztanleko herrigune batean; baserriak ere indartsu artean; tailerrak langileak aurkitu ezinik… Petrolioaren krisia (1973ko azaroa) artean ez genuen sumatzen. Tabernak gerraosteko zahar usainak kentzen ari dira, eta errotulu jarri berriak erakusten dituzte: “Bar Portu. Restaurant”, Txoko eta “Cervezas el León”, “Bar Uztapide. Restaurant”. Fokutik kanpo geratzen dira Koiote, Agustin, Herrero, Alkorta… Gehienek obrak egin dituzte 1960ko hamarkadan eta aurpegi freskoa erakusten dute: Txoko 1961ean berritu zen, Uztapidek 1963an ireki zituen, urte berean Uzkudun harategiak…

Etxeetako fatxadatan ere berrikuntza eta aniztasuna ikusten da; orain bezala, altuera, kolore, balkoi, leiho-buelta… desberdinak. Espaloiak ere berri-berriak. Errasti udal-eskribauak 1785ean Errege Akademiara bidali zuen txostenean aipatzen ziren harlauza haiek (“con calzadas curiosissimas y losas labradas a cordel por ambas ceras”) auskalo nork eraman zituen, eta haien ordez guk ezagutu genituen hareharrizko zozo haiek jarri zituzten.

Eguerdi partean gaude itzalek adierazten dutenaren arabera. Ez da jende askorik kalean. Meza ordua da? Oraindik hasi gabe daude festak? Auskalo.

Garai haietako foileto ezagun batek zioen bezala “Uztaila eta abuztuan egunero, etengabe, berbenak egoten dira, festa herrikoiak, plater-tiroketa lehiaketak, boxeo gau-ekitaldiak, tenis erakustaldiak, eta irailean, herriko festak eta bertan zezen-ikuskizunak, su artifizialak eta dantza artistiko txapelketak. Zestoak etengabeko festa atsegin bat dirudi”. Agian, beroarena kendu beharko zitzaion, baina ez dezagun zapuztu jaia eta gozo gustua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide