311. Don Pepe
— 2024-11-21Egun hauetako batean izan nintzen San Telmo museoan, besteak beste Luis Martin Santosi buruzko erakusketa ikustera. Han psikiatra-idazlearen bizitza jorratzen da, ikuspuntu ugaritatik, eta, nola ez, Academia Errante edo Akademia Ibiltaria aipatzen da. Ez dakienarentzat, Adademia Errante delakoa garrantzi handiko kultur erakundea izan zen Gipuzkoan 50eko eta 60ko hamarkadetan (Pedro Gorrotxategiren artikulu bat dut oinarri). Ideologia desberdinetako euskal intelektualen –sozialistak, nazionalistak, liberalak, komunistak– bilera sorta bat zen, alderdi kultural jainkotiarrei buruz hitz egin eta eztabaidatzen zutenak, euskalduntasunari buruzko hausnarketa bat egiteko eta gizartearekiko beren gogoeten proiekzio bat egiteko.
Lehenengo bilera 1959ko urriaren 11n izan zen, Azkoitiko San Joan bainuetxean, herri hartako “Zalduntxoak” gogora ekartzeko. Hurrengoa, berriz, Araotzen egin zen, “Lope de Aguirre, descuartizado” izenburupean, 1961eko urriaren 29an. Hirugarren topaketa Aizarnan izan zen, 1961eko abenduaren 17an, eta 98ko belaunaldia izan zuten hizpide. Eta azkenik, 1962ko otsailaren 25ean, San Gregoriokon, Ataunen, Jose Migel Barandiarani omenaldia egin zitzaion. Huraxe izan zen argitaratutako azken saioa.
Hasieran aipatu erakusketan, Araotzen grabatutako irudi zoragarriak ikus daitezke, partaide denak giro ederrean. Horiez gain, badira beste bizpahiru argazki ere, non ateratakoak diren jartzen ez dutenak. Ia seguru ez dira Aizarnakoak baina nire irudimena dantzan jarri dute argazkiok, eta burutik kendu ezinda ibili naiz.
Aizarnako topaketa hartaz Jon Egigurenek idatzi zuen aspaldi bere webgunean, eta hark ekarri zuen erakusleihora aspalditik nire arreta bereganatua zeukan pertsonaia bat: Don Pepe. Izan ere, harixe egin zitzaion omenaldia Academia Errante-ren Aizarnako topaketan, 1961ean. Honela zioen Egigurenek: “Aizarnan ‘Don Pepe’ deitzen zioten, ‘Jose Villar’ bere izen-abizenak, sendagilea lanbidez izanik naturista eta humanista handia izan zela diote. Anarkista bere afizioetan eta heterodoxoa pentsaeran. Garai haietan pertsonai honek gizartearekiko zituen ideiak eta ikuspegiak, ez dut uste oso ondo ulertuak izan zirenik herrian, nire ikuspegitik”.
Egia esan, bere garaian bizi izan banintz gustura asko ezagutuko nukeen pertsona da Pepe Villar. Avis rarissima, inondik ere, Aizarnako gerra ondoreneko zorroztasun eta seriotasun hartarako; Ernio aldeko haitz-krabelina orduko lorategi asunez jositakoan.
Jose Maria Villar Mugika zuen izena, eta Donostian jaio zen 1880ko apiril loretsuan. Aizarnan izango da haren berri zehatzagorik duen jendea –eta belarriak zabal-zabal geratzen naiz haiek entzuteko– baina nik pertsona hartaz jakin dudan pixka Leonardo Fernandez Eleizegiri (ezagunagoa Jose Maria Donosty izenez) zor diot. Hark esaten du nola elkartzen ziren Donostiako Cafetería Mónaco edo Café Madrid-en eta nola aletzen zituzten lehengo oroitzapenak. Elias Salaverria margolaria, Pedro Mourlane Mitxelena idazlea, Felipe Urcola kazetaria, Manuel Munoa poeta eta orduko intelektual mordoxka, gehienak Don Peperen garaikideak eta denak Donostiako (“de una ciudad tan poco trabajada por el intelectualismo”) kultur bizitzaren gatz eta piper, han biltzen ziren “en las tertulias y cenáculos o en las planas de El Pueblo Vasco, de Novedades y del Álbum de Guipúzcoa”. Lau hitzetan, Villar, Donostiako kultur saltsan.
Villar medikuntza ikasitako gizona zen, “baina haren egonezinak, burua mila tokitan edukitzeak, bizitza intelektual eta hedonista hutsarekiko gustuak, arte zaletasunak, bidaiek eta adiskideek, horrek guztiak diletantismoaren bide zabal eta lausoetatik bideratu zuen bere existentzia”, dio Donostyk. Diotenez, hiztun atsegina zen, kuriositate handikoa –azaleko jakin-mina baldin bazen ere– gauza denetan, kafetegirako gizon aproposa, han intelektualez eta artistez, medikuez eta abokatuez, jende snob eta kazetariez inguratua, guztiaz hitz egiten zuen: erlijioaz eta filosofiaz, estetikaz eta arteaz, literaturaz, poesiaz eta musikaz, hirigintzaz eta bidaiez… Atzerrira lagun onekin egiten zituen bidaiek begiak irekitzen zizkioten unibertsaltasunari. Londresen, Parisen edo/eta Italian egonaldiak egindakoa zen gure Don Pepe. Denak erakartzen zuen, liluratzen eta miresten. Arkitektoaren arimarekin bisitatzen zituen hiriak, estetaren emankortasunarekin museoak; kontzertu- eta ikuskizun-aretoak teknikariaren egarriarekin; Villarrentzat dena zen sentsazioa.
Pepe Villarrek anai-arreba gehiago zituen, ezagunena Ignazio. Pepe baino urtebete lehenago jaioa, Donostian hau ere, eta bertan bizi zen. Ingeniari industriala. Ezkondua, zortzi seme-alaben aita. Abertzalea. Negua Donostian pasatzen zuen eta udak Zestoan (Villartarren etxean). Gerra lehertu zenean, gure herrian zegoen Ignazio, eta bertako Komiteko Horniduretako arduradun zen (Comisión Municipal de Abastos de Cestona). Frankistek herria menderatu zutenean, Ondarretako kartzelan sartu zuten, ikaragarrizko multa ordaintzera behartu eta ondasunak konfiskatu zizkioten.
Ez dakigu giro horrek bultzatuta edo, baina 1938 inguruan Pepe Villar Aizarnara erretiratu zen. Hasiera batean bere familiar Mugikatarren etxean biziko da, Martiñenekoan, baina gerora Alkatekora pasako da bizitzera. Han ikusi zituen Donostyk, 1955ean, Martiarenak Villarri egindako erretratu bat, pastelez, eta beste bat Flores Kaperotxipik margotua lapitzez. Non ote daude artelan bitxi haiek; ez ote ziren galduko bazterren batean!
Tira, pertsona oso-oso interesgarria gure Don Pepe eta artikulu sakonagoa mereziko lukeena zalantzarik gabe. Hasieran esan bezala, berari egin zioten omenaldia Academia Errante-koek, 1961eko abenduaren 17an, eta han izan ziren 98 belaunaldiari buruz hitz egiten, garai hartako “la crème de la crème” (luze joango litzaiguke denak aipatzea). Aizarnako Martiñenekoan, Estankoan, egin zuten topaketa eta bazkaria. Baba gorriak beren lagungarriekin. Untxia saltsan. Arroz-esnea.
Zorigaiztokoa topaketa, omenaldi, bazkari eta zera hura: handik dozena bat egun pasatxora, Urtezahar egunean hil zen gure Don Pepe Donostian. “Gizon ona zen, oso ona –dio Donostyk–; fina bere portaeretan, arretatsua, argia, jakin-min handikoa, ikasia, hiztuna, natura eta hiriak maite zituena, arteen eta letren laguna”. Ez da laudorio makala.
Zoritxarrez, ez omen zuen lortu Donostyk Don Peperi memoriak idaztaraztea. Akaso armairu zaharren batean ba ote da bere aztarnarik? Poztuko nintzateke hala balitz.
Argazkia: Pepe Villar, Don Pepe, Jose Artetxe, Ignazio Villar eta Angel Kruz Jakarekin batera. Iturria: “La Academia Errante. Sobre la generación del 98. Auñamendi, Donostia, 1963.
Egin zaitez bazkide