312. Torera asesina puta
— 2024-11-26Duela hogei urte. 2004ko Amabirjina eguna zen. Goizean goiz, gure barrera maiteak zikinduta agertu ziren: “Torera asesina puta”. Kasualitatez –ez nenbilen ezer bereziren bila– gaur, azaroak 25, topo egin dut ondo gordeta neukan argazkiarekin. Topaketa ezin egokiagoa iruditu zait emakumeen indarkeriaren aurkako eguna den honetan.
Buruari bi buelta eman gabe pintatua da esaldia? Edo, okerragoa litzatekeena, zekorketen aurka egoteak dena justifikatzen zuela pentsatu zuen egileak? Gizonezkoa, jakina, lepoa jokatuko nuke. Beatriz Tablado Rivas zuen izena, eta egun hartan indarkeria jasan zuen gure herrian toreroa izatea beste “kulparik” ez zeukan neska gazteak. Urrutiko indarkeria, eskerrak, bera irailaren 11n zen etortzekoa-eta gure herrira. Litekeena da bera enteratu ere ez egin izatea, berehala borratu baitzuten pintada eta ez baitzion inork emango haren berri. Horrek ez dio larritasunik kentzen, ordea.
Hogei urte geroago zenbat hobetu gara? Jada ez dago horrelakorik berriro gertatzeko arriskurik? Berriro diot, zekorketen aurka egoteak justifikatzen du pertsona bati “asesina” edo “puta” deitzeak? Gaiari inportantziarik ez emateko, bururik gabeko norbaitek egin du pentsatu eta kito? Hogei urte pasata etortzen zaizkigun galderak.
Estimatua dut, oso, Amos Oz idazlearen lana, eta hark kontatua da pasarte hau: “Duela urte batzuk, Vienan, akuriz (conejillo de Indias) baliatzen zen esperimentazio zientifikoaren aurka protesta egiten ari zen ingurumen-ekintzaile talde baten manifestazioa ikusi nuen. Karteletan, Jesusen irudia zeramaten, akuriz inguratuta. Testuak zioen: “Haiek ere maite zituen”. Eta agian hala egingo zuen, baina manifestari haietako batzuek uste zuten, beharra iritsiz gero, gai izango zirela jendea bahitu eta hiltzeko, akurien sufrimenduari amaiera emateko. Idealismo sutsuaren sindromea, edo fanatismo antifanatikoa, asmo oneko jendeak hemen, han eta leku guztietan kontuan eduki beharko lukeen gauza da. Ipuin-kontalari eta aktibista politiko naizen aldetik, etengabe gogoratzen diot neure buruari erraza dela ongia eta gaizkia bereiztea. Benetako erronka morala gris-maila desberdinak bereiztea da; gaitza ebaluatzea eta multzoka banatzea; txarra, txarrena eta txarra bereizteko.” Vuelta, 197 zenbakia, 1993ko apirila]
Hasieran aipatu dugun gaian ere, emakumeen indarkeria larria erraz identifikatzen dugu, Aizarnazabalen gertatutako Pujana haren heriotza, esaterako, baina beste sotil horiek nabarmentzea da zaila, eta horietan ere oso beharrezkoa da gure arreta guztia ipintzea.
Espero hogei urte hauetan zerbait ikasiko genuela eta gero eta sentiberagoak izango garela desberdinekiko indarkeriarekin, baina irakurleen hausnarketarako jarri nahi nuen agerian argazkia, eta geure buruari galdetu: nola jokatuko genuke gaur? Hortxe bada hausnarketarako gaia.
Egin zaitez bazkide