316. Gabon jai atseginak pasa eta Urte Berri on!
— 2024-12-22Aurorak,bitartean, bizitzaren argia atera zuen gizaki hilkorrentzat, eta berriro ekarri zizkien grina eta nekeak (P. Virgilio: Eneida)
* * *
Eta behiak,errape onekoak, larrean ari ziren bitartean, han eromenera eraman zintuen jainkosen lehiaketak, zeinak Greziara, ateak marfilez apaindutako jauregira, bidali baitzintuen, non Helenaren begietan, zureekin bat egin zutenean, amodioa piztu baitzenion eta amodioz zu zeu ere kiskali baitzinen. (Euripides: Ifigenia Auliden)
* * *
Gerra justua, bat bakarra izan zen, eta besterik ez; Troiakoa: bi herri armetan, ea bietako nork geratu behar zuen edertasuna. (Erri de Luca: Solo andata)
* * *
Hizpiderako elementuak
Idazleak: Virgilio: erromatar garaiko latinezko poeta (K.a. I. mendea). Eurípides: Greziako poeta tragikoa (K.a. V. Mendea). Erri de Luca: 1950. urtean Napolin jaiotako idazle bat.
Protagonistak:
Aurora: Erromatar mitologian Aurora goiz-argia pertsonifikatzen duen jainkosa da.
Helena: Helena Troiakoa greziar mitologiako pertsonaia da; Parisek, Troiako printzeak, bahitu egin zuen, Troiako gerra sortuz.
Paris eta epaiketa: Gorabehera bat medio, Hera, Atenea eta Afrodita jainkosen arteko liskarra sortu zen, hirutako zein zen ederrena. Urrezko sagar bat zegoen jokoan, ea zein zen ederrena.
Zeus Jainko nagusia ez zen ezta ausartu ere egin hiruen artean bat aukeratzera. Orduan Paris artzaina, Troiako printzea izendatu zuten epaile.
Jainkosa bakoitzak gauza bat eskaini zion Parisi: Herak mundu osoko jabe egitea eskaini zion, Ateneak, jakinduria, eta azkenik Afroditak munduko neskarik ederrena.
Jakina, Parisek Afrodita aukeratu zuen. Horrela, egun batean joan zen Paris Espartara eta han ikusi zuen Helena, hango errege Menelaoren emaztea. Parisek bahitu egin zuen Helena. Greziar guztiek Menelaoren aldeko hitzarmena egina zeukaten eta hala hasi zen Grezia eta Troiaren arteko gerra.
Elementu gehiago:
Gizona lore-sortarekin atean: Paris, Helenaren bila?
Gizona lore-sortarekin atean: San Jose Mariaren bila?
Gizona lore-sortarekin atean: baina ez da benetakoa, atean margotutakoa baizik.
13. zenbakia: zerbait gaizki aterako da?
13. zenbakia: horregatik aipatzen da Ifigenia? Izan ere, greziarrek Troiako gerrara joaterakoan arazoak izan zituzten itsasoan eta Ifigenia sakrifikatu egin behar izan zuten.
Katu beltzak zerbait esan nahi du?
Gizona eta lore-sorta ez dira benetakoak, atea bai. Eta etxea? Zestoako postetxe zaharra bezala, hau ere horma hutsa da behe solairua bakarrik, eta atzean ez dago ezer, hutsa dago, ala benetako bizilekua da?
Estalpe huts bat Maria, San Jose eta txikiarentzat?
Eta guk gaur egun ospatzen ditugun Gabonak, etxe hori bezala, ziri hutsa balira?
Tira, ez kasu gehiegi egin, irakurle, azken Aztarka honi. Gabon jai atseginak pasa eta Urte Berri on!
Egin zaitez bazkide