Albisteak

42.000 bertsoz osatutako bilduma herritarren esku utzi du Xabier Unanuek

80 urte bete aurretik egin nahi zuen lana bete du Xabier Unanuek (Zestoa, 1943) gaur goizean. Herrigintzako hainbat gaietan aritua, bertso jaialdi eta santa eskeko jardun asko antolatutakoa da bera. Denboraren poderioz eta maitasun handiz osatzen joan den lana, herriaren esku laga du gaur liburutegian, herritarrek kontsultatzeko moduan.

42.000 bertsoz osatutako bilduma utzi du dohaintzan Xabier Unanuek Zestoako Udal Liburutegian. Sorta ezberdinez osatuta dago bilduma. Aurreneko sortan Zestoan 1976-2007 bitartean antolatutako jaialdietako bertsoak daude transkribatuta. Bertan daude Zestoako Bertsolari Taldeak 1976tik 2000 bitartean antolatutako jaialdi guztiak. Xalbadorrek behin abestu zuen Zestoan eta bertso horiek ere bilduman jasota daude, Pernando Amezketarraren sariketako 1985eko jaialdiak eta bestelako batzuekin batera.

Bildumako parte dira 244 kasete, VHS formatuan dauden 31 bideo eta 2005-2022 arteko prentsa artikulu eskaneatuak. Zestoatik kanpoko 110 bat bertso-saioren transkripzioak, Santa Agedako Zestoako 1992-2016 urte bitarteko 10.000 kopla inguru, eta Santa Ageda bezperako tradizioaren inguruko txostena, Uztapide, Basarri eta Xalbador, garai konkretu bateko hiru bertsolari handiren bilduma. Unanue zezenzalea izanik, “Bertsolaria zezenekin solasean” bilduma ere jaso du, zezenen gaia lantzen duten bertsoekin osatua.

Unanueren bildumako lanik kuttunena “Zestoa bertso idatziaren arrastoan” da. Denetarik dago bertan, tartean bertso pertsonalak ere badaude eta hauek erabiltzeko egileen eta familiaren baimena behar dela argitu du Unanuek. “1898ko Lore Jokoetakoak dira bildumako bertso zaharrenak. Arroabeko Pello Aranburu “Saikola”ren bertsoak, Benatxio Larrarte apaizarenak, Uztapidek Zestoari buruz idatzitakoak, Pello Aizpurua Lilibek emandakoak eta Josu Iribar Olalderenak” azaldu du.

Aurkezpenak bukatuta, dokumentuak sinatu dituzte Xabier Unanue eta Amaia Garate liburutegiko arduradunak. Honek, eskerrak eman dizkio herritarren izenean. Margari Eizagirre zinegotziak, berriz, altxor hori ahaztuta gelditu ez dadin, zabaltzeko aukerak aztertu behar direla gaineratu du.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide