42 urte Pasaiako Sarraskitik: oroimena borrokan eraiki

Duela 42 urte, 1984ko martxoaren 22an, Espainiar Estatuak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide erail zituen Pasaiako badian, tartean “Kurro” eta “Pelitxo” azpeitiarrak.

Euskal Langile Mugimenduaren sinbolo bilakatu diren kideei 113 bala sartuta, Estatu aparatuek mendekua hartu zuen egun hartan, izan ere, ia hilabete bat lehenago, otsailaren 23an, Komandoek Enrique Casas hil zuten. Euskal Herria jasaten ari zen errepresio gordinaren erantzule zuzen modura identifikatzen zuten Komandoek Casas. Horretarako, Rosa Jimeno atxilotu eta bortizki torturatu zuen Espainiar Poliziak. Modu horretan, Komandoetako kideei segada antolatu zien poliziak. Gerokoa ongi ezagutzen dugu denok: sarraski hutsa.

Nola da posible gertaera hau trantsizioa amaitu ondoren jazo izana? Galdetuko du agian norbaitek. Hori dioenak agian ez du jakingo trantsizio ondorengo urteak ere errepresioz beteriko garaiak izan zirela Euskal Herrian; izan ere, legitimazio arazo larriak zein gatazka sozialaren zein nazionalaren intentsitatea tarteko, Espainiar Estatuak militanteak atxilotzen,
torturatzen eta erailtzen jarraitu zuen. Hori gertatu izanak ongi erakusten du jakin behar duguna: edozein modu erabiliko dute kapitalistek eta beraien zerbitzura dagoen Estatuak euren irabaziak eta ordena soziala mantentzeko, eta inposatu nahi duten miseria ekonomikoa zein morala onartzeko prest ez dagoen edonor adi ibili beharko da.

Horrez gain, Pasaiako Sarraskia gogoratzeak balio behar du, memoria ariketa hutsetik harago, langile borrokaren gaurkotasuna aldarrikatzeko. Izan ere, Euskal langile klaseak zapalkuntza nazionala zein soziala jasaten jarraitzen du oraindik. Zentzu horretan, uste dugu lau militante erailei egin ahal diegun ekarpen handiena, gainera datorkigun gerrak eta faxismoak ezugarrituriko garaian, kapitalismoaren aurka borrokan jarraitzea dela, zapaldurik eta zapaltzailerik egongo ez den etorkizun bat aldarrikatzen, gero eta jende gehiagok berriro helburu hori lorgarria dela uler dezan, eta ez Pasaiako Badian hil ziren gazteen amets hutsa.

Aurten, beste urte batez, ekitaldia egingo dugu Esklabak Zentro Sozialistan, 13:30ean, ez ditugula ahazten erakusteko, eta hasi zuten bidea jarraitzeko prest gaudela adierazteko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide