Festa eta borroka

Argazki eder hau Bertil Lagerström artista suediarrarena da (1960-2012). Bertil 1982an iritsi zen Zumaiara lehen aldiz, eta ordudanik harreman estua izan zuen Zumaiarekin. Baina Zumaia ez ezik, 80ko hamarkada erdi aldeko Zestoa ere jaso zuen bere argazkietan, zuri-beltzezko begirada bereziarekin. Argazki hau dugu horietako bat.

Gai nagusia, begiratu batean behintzat, zezen bolaztatuak dira, eta zekorren alaitasuna eta mutikoen ausardia falta (oker ez banago, neska bat bera ere ez dago argazkian). Aristi, Iribar, Anardi eta Kanka lasai demonio ezkutalekuan eta bestaldekoak baliente-baliente eta erronka aurpegiarekin, hesien atzetik ordea jakina. Zekorrak, berriz, jostari, esanez bezala, “geure artean jolastu beharko diagu, hemen ez zagok-eta guri aurre egiteko koskobilodunik”. 1987a izango da. Amabirjinak. Ume eta gaztetxoen eguna. Honek, ikuskizun klase honek, ez gaur egungo zezenketak, ditu 350 urtetik gora, gaur inor gutxik maite badu ere eta “betegarri” hutsa kontsideratzen bada ere. Baina utz diezaiogun polemikari.

Zekor bolaztatuez harago, argazkia “herri borrokaren” benetako entziklopedia da eta Zestoako garai hartako gizarte mugimenduaren lekukotza bikaina ematen digu. Goitik ezkerretik hasita, Amnistia aldarrikatzen duen ikurra, Eduardo Chillida eskultoreak diseinatua. 500 presotik gora zeuzkan Euskal Herriaren Askapen Mugimendua deiturikoak; tartean, beheko pintadan ikusten dugun bezala, Pelotas eta Juan Mari (prentsak dio 1987ko ekainean atxilotu zituztela Itziar Arrizabalaga, Joan Mari Igarataundi, Joan Jose eta Luis Migel Ugarte, Jose Ramon Sagarzazu eta Frantzisko Javier Gallego).

Eutsi gogor boikotari” dio ASK-ren pankartak. Abertzale Sozialista Komiteak herri-mugimenduak bultzatu eta garatzea zuen helburu, demokrazia eredu berri bat eraikitzeko bidean (eskerrik asko Wikipedia!). Garai hartan moda-modan zegoen produktu frantsesei boikota egitea (estatu frantziarrak ETArekiko eta errefuxiatuekiko zeukan politika salatzeko) eta Renault, Le Coq Sportif, Lacoste eta oro har produktu frantsesak jomugan zeuden. Bide batez esanda, ABC eta horrelako egunkariek barregarri jartzen zuten kanpaina, Txominek, ETAko kide eta buruzagi historikoak, “krokodilo” nikiak janzten omen zituela-eta. Tira, garai bateko kontuak…

Gaiez aldatuta, edo zezenetara bueltatuz, Zestoako Talde Ekologistak aspalditik aldarrikatzen zuen tortura ez zela ez arte, ez kultura. Zestoan tradizioa zezenzalea dela esaten dutenei esango nieke, pankarta honek ondo adierazten duela animalien sufrimendua ikuskizun bihurtzearen kontrako jarrera ez dela gaur goizekoa. Ez nuke aukera hau utzi nahi garai hartan talde horrek berak atera zuen komiki antitaurinoa aipatu gabe, benetan komiki landua eta salaketarako baino gehiago heziketarako sortua.

Eta azkenerako utzi dut zimiterioko pankarta edo aldarrikapena: “Soldaduska zapaltzaile honen aurka negoziazioa!!. Jarrai. KAS”. Ikuspegi kontrajarrien garaiak ziren haiek: “Soldaduskarik ez!” genion guk (Zestoako talde antimilitarista), “Soldaduska honi ez!” haiek. Zer soldaduska klaseri bai? galdetuko nieke, orain, milurteko berrian, armadak, nahiz eta herrikoiak izan, beti zapaltzaileak direla garbi asko ikusi dugunean. Tira, polemikatan nahastu gabe, uste dut garbi dagoela denborak zeini eman dion arrazoia: militarismoa, datorren tokitik datorrela, tentu handiz aztertu beharreko gauza da.

Amaitu egin behar dugu. Zein urrutiko gauza egingo zaien, aldarrikapen hau dena, pankarta jende hau dena, zestoar millennial gazte guztiei. Txahal gaztetxo horien sasoia, hori bai, hori ulertuko dute. Eta txahalei adarretatik heltzeko ausardia falta ere bai, agian? Baina utz dezagun hori… Alaitasuna da hemen nagusi eta disfruta dezagun.

Bertil Lagerström-en irudi gehiago ikusteko sakatu hemen

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide