Albisteak
‘Giselle’ ikuskizuna ikustera joateko doako autobusa jarri dute
— 2022-05-16Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak dantza emanaldia eskainiko du hilaren 29an Donostiako Kursaal Auditorioan. Hain zuzen, Giselle balletaren bertsioa aurkeztuko dute. Ikuskizuna ikustera joan nahi duten zestoarrek doako autobusa izango dute. Izan ere, aurreko zenbait alditan bezala, “Kursaal eskura” egitasmoan parte hartuko du Zestoako Udalak. Kursaal Eskura proiektuak Kursaal Zentroak antolatzen dituen zenbait kontzertu eta ikuskizun interesa duten lagunen eskura jartzea du helburu, eta hori lortzeko, doaneko autobus zerbitzua eskaintzen du.
Interesdunek Kursaal Elkarguneko web orrian erosi beharko dute kontzerturako sarrera: www.kursaal.eus. Hainbat prezio daude aukeran, 11 eurotik hasi eta 42 eurora arte. Langabetuek eta 30 urtetik beherako interesdunek, sarrerak 3 euroko prezioan erosi ahal izango dituzte. Horretarako sarrera erreserbatzea ezinbestekoa izango da (Zestoa: 943 147123 / kultura@zestoa.eus). Behin erreserbak eginda, ikuskizuneko egunean bertan, interesduna Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko da eta bere adina (Ordu Gaztea) edo lan egoera (Langabetuak) egiaztatu ondoren, sarrera ordaindu (sarrera hauen kokapena egun horretan leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da).
Bestalde, autobuseko tokia aurrez erreserbatu beharko da, maiatzaren 23a baino lehen Zestoako Udaleko kultur teknikariarekin harremanetan jarrita 943 147123 telefonoan edo kultura@zestoa.eus helbidean. Autobusa arratsaldeko 18:00etan irtengo da, GI-631 errepideko geralekutik.
Egin zaitez bazkide