Albisteak
Elizak Zentroko gaztetxea desalojatzeko prozesua abiarazi du
— 2023-07-30Elizak Zentroko gaztetxea desalojatzeko prozesua abiarazi zuela jakinarazi zuen Zestoako Gazte Asanbladak atzo arratsaldean egindako agerraldian. Elizak salaketa jarri die, oraingoan, bide zibiletik. Duela hilabete batzuk jarri zuen Elizak gazteak Zentrotik kanporatzeko aurreneko salaketa. Bide penala erabili zuen orduan, baina epaileak absolbitu egin zuen epaitutako gaztea, epaiketan zehar fiskalak eta Elizak absoluzioa eskatu ostean.
Gazte asanbladako kideek Elizaren nahiz Udalaren jarrera salatu zuten agerraldian. “Ekintza honekin berriz ere erakusten ari da eliza bere izaera erreakzionarioa. Bere burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duen arren, instituzio kapitalista atzerakoi honek, praktikan bere jabetza pribatua defendatzen du beste edozein balioren gainetik. Erortzen uzten ari zen eraikin bati benetako funtzio soziala ematen ari zaion gaztetxea desalojatu nahi du jabetza pribatu santuaren izenean. Ekintza horretan laguntzeko prest izango du Estatuaren indarkeria, bere polizia eta epaileekin, herriko gazteak eraikinetik kolpeka ateratzeko. Zertarako, eta berriz ere eraikina hutsik izateko, egunen batean etor daitekeen operazio espekulatiboren baten zain” azaldu zuten gazte asanbladako kideek.
Elizaren jarrera ez ezik, Zestoako Udalak izandako jarrera ere gaitzetsi zuten. “Ezin dugu aipatu gabe utzi Zestoako Udalak prozesu honetan izan duen parte hartzea ere. Gaztetxea lekualdatzearen proposamena bere ahotik atera zen arren, denborak erakutsi du Gazte Asanbladari antolakuntza politikorako horrelako azpiegitura bat ematea ez zaiola interesatzen; horren aurretik jami baititu herriko ordena soziala eta bere interes partidistak: herriko sektore kontserbadoreak eta orokorrean, prozesu eraldatzaileen aurka egon daitezkeenak lasai mantentzea, eta kontrara, ezkerretik alde egin dakiokeen edonor geldiaraztea. EH Bilduk ondo daki lekualdatze prozesuak gazteon antolakuntza politiko eta independentea indartzea ekarriko lukeela. Hori guztia, herrian, EAEn zein Estatuan EAJri hegemonia elektorala lehiatzeko egiten du, horrela bere burua ordena sozialaren ordezkari nagusi bezala aurkeztuz” adierazi zuten.
“Estatutik eta politikagintza instituzionaletik at, herrian antolakuntza politiko, sozial eta kulturalari baldintzak eskaintzeko” konpromisoan berresten direla azpimarratu zuten asanblakdako kideek. “Gaztetxearen egoera ezegonkorrak muga eta oztopo ugari ezartzen badizkigu ere, jada erakutsi dugu eraikin honek zentzu horretan duen potentziala, bertan egin ditugun izaera ezberdinetako ekintzekin” adierazi zuten. Aurrera begira ekintzak antolatzen jarraituko dutela nabarmendu zuten, eta datozen asteetan egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin zuten.
Egin zaitez bazkide