Albisteak

Amillubi proiektuari lurrak eman dio bere lehendabiziko uzta

Amilibia baserriaren lurretan abiatu dira laborantza ekimen berriak. Porru landare ekologikoak egiteko mintegia prestatu dute; 120.000 porru hazi ereinda, gaur, igandea, egingo dute porru landarearen lehendabiziko zatiaren banaketa baratzezainen artean.

Amilibia baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko dirua biltzen jarraitzen du Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren, dagoeneko praktikan jartzen hasi dira Amillubi proiektua. Esan daiteke jasotzear dela Amillubi egitasmoaren baitan ereindako lehendabiziko uzta. Izan ere, laborantza lanekin hasita daude eta gaur hasiko dira erein dituzten 120.000 porru haziak landare bilakatuta ateratzen. Amillubin lur hartu duen lehendabiziko proiektuetakoa izan da porru landare ekologikoak egiteko mintegia prestatzea eta aurrera ateratzea, eta landareak prest daude orain artean gertu landare ekologikoak aurkitzeko zailtasunak zituzten baratzezainentzat. Porruarekin batera, artoa eta babarruna (5.000 metro koadro) eta babarrun motza (800 metro koadro) erein dituzte. Ekoizpen horren zati bat Aleka elkartearentzat izango da, Euskal Herriko hazi ekologikoak lantzen eta saltzen dituenarentzat, eta beste zatia kontsumo elkarteetan salduko dute. Sustatzaileek azaldu dutenez ekoizpenetik lortzen duten dirua baserria eta lurrak erostera bideratuko dituzte.

Baserriaren erosketa gauzatzeko zati baten faltan

Proiektua ezagutzera eman zutenetik gaur egun arte –zazpi hilabetetan- Amilibia baserria eta bere lurrak erosteko diru-kopuru esanguratsua -271.549 euro- lortu badute ere, oraindik ez da kopuru guztia lortu. 390.000 eurotara iristeko lanean jarraituko du lan-taldeak ekimen desberdinak eginez –ordainketa bi urtetan egitea dago adostuta- eta ildo horretan eskerrak eman nahi dizkiete modu batera zein bestera proiektua babestu duten herritar, eragile, eta erakundeei.

Elikadura burujabetzaren bidean urratsak ematea da Amillubi proiektuaren helburu nagusia, beti ere agroekologia oinarri hartuta. Eta bide horretan, azarorako topaketa bat antolatu dute.

Azaroaren 22-23an topaketak Amillubi proiektuaz hausnartzeko

Epe luzeago batera begira jarrita ere, lehen sektorearen beharrei erantzun nahi diete martxan jarriko dituzten proiektuekin. Udazkenero topaketa egiteko asmoa dute, bertan Amillubi proiektuaz hausnartzeko eta aurrera begirako ildoak lantzeko. Aurten, ekimen hau azaroaren 22-23an izatea aurreikusi dute. Dagoeneko etorkizuneko lan lerro hauek begiz jo dituzte: ekoizleei lurra baldintza egokietan uztea bermatzea; laborarientzat, modu kolektiboan, lan baldintza duinak sortzea; laborantzan hasi nahi dutenentzat proba leku izatea; laborantza agroekologikoaren esperimentazio gunea martxan jartzea; eraldaketa gune bat sortzea; partekatuko den tresneria gordetzeko gunea izatea; elikagaien hornikuntza-unitatea sortzea.

Epe motzera begira, berriz, laborantza lanekin batera, azpiegiturak konpontzeari eta eraikitzeari ekin diote, espazioak erabilgarri egiteko. Hainbat lan egin dituzte zentzu horretan: baserri inguruko belarrak mantendu, aterpea bilgune izateko txukundu, biltegia izango den espazioa hustu eta konponketak egin, ur sistema muntatu, komuna jarri, elektrizitate sistema berritu, ur zikinak kudeatzeko fitodepurazio sistema martxan jarri…

Eta formaziorako ere izan da tartea Amillubin. Hainbat formazio eta sentsibilizazio saio egin dituzte sei hilabeteko honetan. Horietako bat izan zen Emakumeentzako* makinaria ikastaroa, Biolurrek eta Bionekazaritza elkarteak elkarrekin eman zutena. Egin duten beste ekintzetako bat Biolurreko baratzezainen III. Foroa izan da, tipula eta porruaz ezagutza zabaltzeko.

Martxan jarri dituen proiektuetan ikusten denez, elikadura burujabetzaren bidea modu kolektiboan eraikitzeari ekin dio Amillubi proiektuak. Berau bultzatu nahi duten herritar eta kolektiboek hainbat bide dituzte zabalik: diru ekarpenak eginda (Biolurren kontu honetan ES37 1550 0001 2400 1666 3726); bolondres sarean parte hartuta, adibidez auzolanetan edo norberaren jakintzak partekatuta (info@amillubi.eus helbidera idatzi edo 943 76 14 47 zenbakira deitu); edo nork bere herrian Amillubi proiektua ezagutzera emateko hitzaldia antolatuta (harremanetan jartzeko, helbide edo telefono berera zuzendu).

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide